Giro polita izan da sanmigeletan

Joseba Urrotz 2010eko urriaren 13a

Haur, gazte zein helduek gozatu dute bestetan. Joseba Urrotz

Asteburuan eguraldi txarra eta astez ona izan dira

Ematen du herriko bestak gero eta gehiago herrikoentzat direla. Alde guzietan entzuten da herrietako bestetara gero eta jende guttiago hurbiltzen dela, eta gainera ortziral eta larunbatean eguraldi kaxkarra izan genuen Urrozen. Hortaz, herritarrez gain, hagitz jende gutti etorri zen kanpotik gaueko dantzaldi eta parrandara. Hala ere, bi egunetan,hurrengo goizean eguzkia ongi altxatu arte egon zenik ere izan zen.
Gainerako egunetan, aldiz, eguraldi bikaina izan genuen, ezin hobea, eta ekitaldi guzietan jendeak ez zuen hutsik egin eta giro ederrean parte hartu zuen. Aizkora apostua ikusten, herri bazkarian –sonbrilla eta guzti egin zen–, gazteen arteko herri-kiroletan, haur jokoetan... Horiek guztiek jendea mugitu zuten.
Tiropitxonekoak ere etorri ziren eta salmenta polita egin omen zuten, Andoni Egaña eta Jexux Mari Irazu bertsolariak ere aritu baitziren txotxei tiroka. Ekarritako petardo guziak ere saldu omen zituzten, ez zen giro astelehen gauean, zirti eta zarta.
Kanpotar gutti etorri bazen ere, herritarrak elkartzea eta ongi pasatzea ez da gutti!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun