Nahiz eta ekitaldiak bezperatik izan, Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiak igandearekin egin zuen urteko hitzordu nagusia, urriaren 3an.
Goizean goiz, gonbidatutako kofradietako kideei harrera egin zitzaien: Kantauriko Antxoaren Kofradia, Donostiako Antxoaren Kofradia, Erronkariko Gaztaren Kofradia, Tolosako Babarrunaren Kofradia, Bidasoko Izokinaren Kofradia, Beasaingo Odolkiaren Kofradia, Nafarroako Olioaren Kofradia, Nafarroako Ardoaren Kofradia, Nafarroako Zainzuriaren Kofradia edo Guijuelo Urdaiazpikoaren Kofradiak hartu zuten parte.
Ohi bezala, kofradiako kide berriak ere izendatu zituzten: ekitaldira ailegatu ezin izan zuen Miriam Diaz Aroca antzezle eta aurkezle espainiarra, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Jose Maria Aracama Sodenako zuzendari nagusia eta Xavier Gabriel, Lleidako Bruixa D’Or loteria administrazioko nagusia. Loteria saltzailerik handiena izateaz gain, espaziora turismo-bidaian joanen den estatuko lehenbizikoa ere izanen omen da, eta «Elgorriagako onddoa espaziora eramanen duela» hitz eman zuen. Kofradiaren aginte-makila hartu zuen Elisa Marinek hildako kofradeak gogoan izan zituen, bereziki Salvador Arozarena, Juanito Mariezkurrena eta Francisco Martin Aiestaran.
100 kilo onddo
Gainerakoan, Zubietako joaldunak eta txaranga, aizkoralariak eta harri-jasotzaileak, eta nola ez, onddo dastaketa izan ziren. Aurtengoan ere ehun bat kilo prestatu zituzten. Gijueloko urdaiazpikoa ere zozketatu zen, Xavier Gabrielek eskainia eta Begoña Sanzberro kontseilariari tokatu zitzaion. Kofradietako kideek zirkuito-termala ere egin zuten eta igerileku termalean 25 erlaxio ibilbideren zozketa ere egin zen.