Giro eta eguraldi ederrarekin joan ziren Euskararen Eguneko ekitaldiak. Ostiralean zein larunbatean dena iragarri bezala atera zen, baina aurretik dena ongi prestatua zegoelako. Alde horretatik, aipatzekoa da gazteek antolakuntzan egindako lana.
Ostiraleko pintxo lehiaketako onena Eva Elizalderena izan zen eta bigarren saria Domintxeneko Maribelek eskuratu zuen. Musean, berriz, Urko Loiarte eta Mikel Indakoetxea izan ziren txapeldunak. Domintxeneko Joseba eta Oinatz azpitxapeldun gelditu ziren.
Larunbatean egun osoan nabaritu zen mugimendua. Goizeko erakusketan, hamar bat artisau atera ziren kalera eta denetarik ikusi zen: zurgin-lanak, oihalarekin egindakoak, barazkiak, taloak, ogia, pultserak... 15-20 trikitilari eta panderojolek ere ederki alaitu zituzten bazterrak eta denak herritarrak.
18 joaldun helduk eta gaztetxoagoak diren beste batzuek ere euren harat-honatak egin zituzten eta emakumezkoen herri kirol saioa ere ederra izan zen. Ikuskizun polita eta parekatua eskaini zuten.
Sebastian Lizaso eta Joxe Agirrerekin egindako bertso bazkariak, bestalde, 70 lagun inguru elkartu zituen. Bazkalondoan trikitilariekin kalejira ere egin zen, eta merienda plazan.
Magra lehiaketa ere berexia izan zen. Boletorik gabe, pisua asmatzea baitzen kontua. Saltsa polita sortu zen eta Lutxi Llanos izan zen gehien hurbildu zena, benetako pisutik bost gramora, hain zuzen.
Gaueko dantzaldian eta kontzertuetan, herritarrez gain, kanpotik ere bildu zen jendea.