Haur Eskolarako langile euskaldunak kontratatzeko deialdia egin du Udalak

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 13a

Bi haur hezitzaile, sukaldaria, jantokiko laguntzailea eta garbitzailea hartu nahi dira

DATUA 5 LANPOSTU bete nahi dira Haur Eskolan.

0-3 urte bitartekoena den Askin Haur Eskolan hainbat langile kontratatu nahi ditu Udalak eta horretarako deialdiak egin ditu. Zehazki sukaldaria, bi haur hezitzaile, jantokiko laguntzailea eta garbitzailea dira hartu nahi direnak. Denak ere oposizio bidez aukeratuko dira.

Sukaldaria
Hasiera batean, sukaldariak bortz orduko lanaldia izanen du, baina hori aldatzen ahal izanen da. Jatekoa prestatzea, hornitzaileei lehengaiak erostea, sukaldea eta hango tresna eta makinak garbitzea eta Haur Eskolako bertze langileekin elkarlanean aritzea izanen dira egiteko nagusiak. Lan-kontratu finkoa eginen zaio eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 30etik hasita 30 egun naturalen buruan akituko da, hilabete honen hondarrean, beraz.


Haur hezitzaileak
Haur Eskolarako bi haur hezitzaile kontratatu nahi ditu Udalak, bat lanaldi osoarekin eta bertzea laburrarekin (sei ordu). Dena den, zerbitzuaren beharren araberakoa izanen litzateke hori eta alde horretatik, baliteke matrikulazioaren arabera kontratazio gehiago egitea. Haur Hezkuntzako titulua edo Haur Hezkuntzako Goi Mailako teknikariaren titulua eskatuko dira lanpostu hauetarako.

Garbitzailea eta jantokiko laguntzailea
Bortz orduko lanaldia eskainiz garbitzailearen lanpostua ere bete nahi du Udalak. Gelak, instalazioak, patioak, altzariak edota gainerako tresnak garbitzea izanen da bere lana, baina horrekin batera, ardurari lotutako bertzelako zereginak ere izan ditzake, Udalak edo Haur Eskolako arduradunek hala eskatzen badiote.
Jantokiko laguntzaileak, berriz, ordu bat eta erdiko lanaldia izanen luke, nahiz eta hori ere alda daitekeen. Jantokia artatzea izanen da bere egitekoa. 
Hezitzaile, garbitzaile eta jantokiko laguntzaile lanposturako aurkezteko epea urriaren 5etik hasita 30 egun naturalen buruan akituko da, hau da, azaro hasieran.

Euskalduna izatea ezinbertzekoa
Euskalduna izatea ezinbertzekoa izanen da lanpostu guztietan, eta horretarako, goi edo erdi mailako gaitasun agiria eskatuko zaie. Ez badu, euskara maila neurtzeko proba eginen da.
Bertzalde, probak egin ondotik aukeratzen denarekin hiru hilabeteko probaldia eginen da eta lanerako gai ez bada, kontratua desegiteko ahalmena izanen du Udalak.

Oposizioak
2011ko urtarrilean hasiko dira azterketak eta lehenbizikoa euskara maila neurtzeko ahozko proba izanen da. Bigarren eta hirugarren probak teorikoak zein praktikoak izanen dira eta laugarren ariketa, azkenik, epaimahaikoekin egindako elkarrizketa bat izanen da.
Hautapen prozesua akitzean, berdinketa gertatzen bada, eskarmentu profesional haundiagoa izatea baloratuko da. Horiek izanen dira Udalak lanpostuetarako aukeratuko dituenak.

Epaimahaia
Probak egiterakoan hauek osatuko dute epaimahaia: mahaiburua Miguel San Migel alkatea edo hark izendatzen duena izanen da eta ordezkoa udal zinegotzi bat. Mahaikideak Elizondoko Haur Eskolako zuzendaria, Atarrabiako Haur Eskolako zuzendaria, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Doneztebeko Orientazio Zerbitzuko teknikaria eta udal langileen ordezkari bat  izanen dira. Mahaian baina botorako eskubiderik gabe, idazkaria ere egonen da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun