UGT eta CCOOk deitutako greba orokorrak segida eskasa izan du

TTIPI-TTAPA 2010ko urr. 13a, 15:26

UGTko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten Doneztebeko Enplegu Bulegoaren aitzinean. Alicia Del Castillo

Lesakako Arcelor-Mittalen langileen %5-10ean eragin du, baina ez produkzioan

Espainiako Gobernuak ezarri gogo duen lan-erreformaren kontra protesta egiteko UGT eta CCOO sindikatuek irailaren 29an deitutako greba orokorrak segida eskasa izan zuen eskualdean.
Erraterako, lantegi handienean, Lesakako Arcelor-Mittalen, goizeko produkzio-txandan eta bulegoetako txanda normalean, langileen %5 eta %10ak egin zuen greba, langileen batzordetik jakinarazi dutenez. Gainerakoan, lan-jarduerak normaltasunez segitu zuela eta grebak ez zuela produkzioan eraginik izan jakinarazi zuten.
Lesakako Alkaiaga, Berako Zalain, Doneztebeko Aparan eta bertze industrialdeetan ere kasik ez zen somatu grebaren eraginik.
Hori bai, UGT sindikatuak deituta, hamar minutuko elkarretaratzea egin zen Doneztebeko Enplegu Bulegoaren aitzinean, negoziazio kolektiboaren aldeko pankarta batekin. Patxi Altxu UGTko ordezkariak aipatu zuenez, «pena da Europa osoan erreibindikazioak egiten ari garen egun hauetan, sindikatu batzuk bat ez egitea grebarekin. Herritar guzien eskubideek aldeko borrokan ari gara eta espero dugu lan erreforma ez gauzatzea. Dena den, zerbait lortzen bada, ez da gure eskualdearen elkartasunarengatik izanen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun