30 zeliako inguru daude Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Malerreka eta Leitzaldean

Gurutze Pikabea 2010eko urriaren 13a

Mari Jose Mortalena Nafarroako Zeliakoen Elkarteko koordinatzailea, zeliakoek jan ditzaketen jateko eta edariak biltzen dituen FACEren liburua eskuan duela. Gurutze Pikabea

Zeliakoen tratamentu bakarra bizitza osoan glutenik gabeko dieta egitea da

Hertze meharreko gaixotasun kronikoa da zeliakia, glutenik onartzen ez duten pertsonek dutena. Konponbide bakarra glutena erabat eta betiko elikaduratik kentzea da eta zorrotz egin behar dute hori, ondorio larriak ekar baititzake bertzela.

ZELIAKIA
«Zeliakoa gaixotasun kronikoa duena da eta bertze gaixoek bezala eskubideak dituzte»
«Gobernuak zeliako bakoitzari 250 euro egokituko zaizkiola erran arren, denen artean zatitu behar da eta ez da kopuru horretara ailegatuko». Mari Jose MORTALENA Nafarroako Zeliakoen Elkartea


DATUA 1.800 EURO gehiago gastatzen ditu zeliako batek urtean janarian, zeliako ez denarekin konparatu

 

Zeliakoak ez du botikarik behar; baina jaten duen guztia zorrotz kontrolatu behar du. Tratamentu bakarra bizi osoko dieta da; botika, beraz, kasu honetan, janaria bera da. Garia, zekalea, garagarra, edota oloa onartzen ez dituena da zeliakoa, ezta horietatik eratorritako bertze janaririk ere: ogia, pasta, pastelak, txokolate batzuk, izozkiak, zerealdun edari edo infusioak, aitzinetik prestatuako jakiak... Glutena deritzon proteina bat dute, zeliakia duten pertsonen organismoak onartzen ez duena, hain zuzen. Glutenak gliadina du, eta substantzia hori behar bezala onartzen ez denean, hertze meharreko ileak atrofiatu egiten dira. Eta glutena jateak ondorio larriak sor ditzake zeliakoengan: beherako kronikoa, tripako mina, pisu galera, anemia, nekea, umore aldaketa... Eta helduetan baita depresioak, antzutasuna, ilearen galera, abortu etengabeak edo hileko irregularra ere. Zeliakia ez da haurretan bakarrik agertzen; edozein adinetan atera daiteke eta adinaren arabera sintomak desberdinak dira. Biopsia da pertsona bat zeliakoa den ala ez jakiteko probarik eraginkorrena.
Betidanik sortu izan den gaitza da zeliakoena, baina oraindik ere sobera ikertu gabea. Urteetan aunitz aitzineratu bada ere, oraindik egiteko dezente gelditzen da. Tokian tokiko elkarteak dira aitzinerapausoak lortu dituztenak, eta azken 30 bat urteotan horretan dabil Nafarroako Zeliakoen Elkartea ere. «Pertsona zeliakoari eta haren familiari laguntza ematea da elkartearen oinarrizko betebeharra, eta zeliakoarentzat egokiak diren elikagaien liburuxka egin eta banatzea». Horrela azaldu digu Mari Jose Mortalena baztandarrak, Elkarteko idazkari teknikaria edo koordinatzailea denak. Duela 15 urte sartu zen elkartean, gaur egun 16 urte dituen alabari eritasuna antzeman ziotenean.
Emilio Olivera medikua izan zen elkartearen sortzailea: «Iruñean eta Madrilen ibiltzen zen eta  Madrilen izan zuen lehendabiziko zeliakoaren berri. Gero hemen ere ikusten hasi zen, eta garai hartan hemen zeliakoentzako jatekorik ez zegoela eta, zeliakoen gurasoei biltzea proposatu zien, Madrildik berak ekarriko zituela gauzak eta elkarri laguntzeko», azaldu digu Mortalenak. Gaur egun ere, elkartea «bat bertzeari laguntzeko» dagoela gaineratu du.
Nafarroan gutti gorabehera urtean 120-130 pertsona berri agertzen dira zeliakiarekin, eta horietatik erdiak helduak dira. Gaitza diagnostikatutakoan, Nafarroako Zeliakoen Elkartera jotzen dute aunitzek laguntza eta aholku eske, eta gaur egun 1.050 bazkide ditu. Halere, familian zeliako bat baino gehiago egon daitezkenez, Nafarroan 1.300 daudela kalkulatu du baztandarrak. Gure eskualdean ere badira; Mortalenaren hitzetan, Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Leitzaldea eta Malerrekan 30 inguru. Elkarteko bazkide diren heinean, elkarteak eskaintzen dituzten zerbitzuak dituzte eskura: dietetikan aditua, medikua, sukaldaria, aholkularia –Mortalena bera–... Eta 5-12 urtekoentzat, 13-17 urtekoentzat eta 18 urtetik 35 urtekoentzat ere kanpaldiak antolatzen dituzte. Baita kanpainak egin, ipuinak argitaratu...

URTEAN 1.800 EURO GEHIAGO JANARIAN
Elikaduratik glutena kentzea da kontua, baina kasu guztietan, glutenik gabeko dieta egitea ez da kontu erraza. FACE Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioaren arabera, dendetako produktuen %80k glutena du. «Gure kultura ogi-irinarena da eta denetarako erabiltzen dugu», dio elkarteko koordinatzaileak. Urteekin glutenik gabeko gero eta produktu gehiago sortu dira, baina direnak hagitz garestiak dira: makarroi edo fideo poltsa arrunt bat euro azpitik ordaindu behar denean, glutenik gabekoak hiru eurotik bortz euro bitartean ordaindu behar dira; glutenik gabeko ogi birrinduaren kiloko poltsa batek 12 eurotik gora balio dezake, eta glutenik gabekoak euro eta erdi balio du; kiloko gaileta maria ezagunek 12 euro baino gehiago glutenik gabekoak badira, eta bi euro azpitik arruntek; kiloko madalena poltsa bat, glutenik gabekoa, 17 eurotik goiti eta lau euro arruntak... FACEren arabera, urtean, bataz bertze, zeliako batek ez denak baino 1.800 euro gehiago gastatzen ditu janarian. «Baina prezioari ezin zaio begiratu, nahitaez erosi behar dugulako», dio Mortalenak. FACEren liburuxkan oinarritzen dira zeliakoak. Hor agertzen da zer jan edo edan dezaketen. Hortik aparte deus ere ez.
Gastua Administrazioak bere gain hartzea da Nafarroako Zeliakoen Elkartearen erronketako bat: «zeliakoa gaixotasun kronikoa duena da eta bertze gaixoek bezala eskubideak dituzte. Diabetikoek intsulina eta botikak dituzten bezala, zeliakoaren botika nolabait errateko janaria da», kontatu digu koordinatzaileak. Duela hiru bat urte hasi zen Nafarroako Gobernua zeliakoentzako diru partida bat bideratzen. Urtetik urtera gehiago eman du; ez, ordea, nahikoa. Lehendabiziko urtean 25.000 euro eman zituen Nafarroa osoko zeliako guztientzako (bakoitzari 35-40 euro), gero 50.000 euro… Aurten, 217.546 euro iragarri berri ditu. Baina Mortalenak azaldu digunez, hasieran 230.000 euro banatuko zituztela errana omen zuten. Gainera, Gobernuak zeliako bakoitzari 250 euro egokituko zaizkiola jakinarazi arren, Mortalenaren hitzetan, «denen artean zatitu behar da eta ez da kopuru horretarako ailegatuko».
Gaixotasuna normalizatzea da bertze helburu nagusia: «egunean bortz aldiz jaten dugu, eta zeliakoek edozein tokitan jateko eskubidea izatea nahi dugu». Bada egitekoa, eta Mortalenak dioen bezala, «ez da urtebeterako lana, denbora luzekoa, baizik».

Arantzazu LIZARTZA, zeliakoa (Leitza).
«Glutenik gabeko dietarekin hobekuntza nabaritu nuen. Kiloak irabazten joan nintzen, baita energia eskuratzen ere».

Zortzi urte zituela diagnostikatu zioten zeliakoa zela Arantzazu Lizartza 16 urteko leitzarrari: «ondoezik nengoan, oso mehea nintzen eta uneoro nekaturik sentitzen nintzen. Haur guztiak saltoka, korrika eta jolasean ibiltzen ziren, baina ni ez nintzen gai haien erritmoa jarraitzeko eta, beraz, eserita egoten nintzen haiei begira. Eskolan batuketa edo kenketak egite hutsarekin nekatua sentitzen nintzen». Horrez gain, «edozein otorduren ondotik sabeleko mina jartzen zitzaidan eta minutu gutxiren ondoren jandakoa bota egiten nuen. Nolabait azaltzeko, etengabeko gastroenteritisa zen». Hasieran anorexia zuela pentsatu zuten medikuek baina analisi bidez anemia zuela ikusi zuten gero, eta biopsia egiterakoan egiaztatu zuten zeliakoa zela. Eritasuna antzeman ziotenean sartu zen Nafarroako Zeliakoen Elkartean eta glutenik gabeko dieta egiten hasi zenean, hobekuntza «azkarra» nabaritu zuen leitzarrak: «kiloak irabazten joan nintzen, baita energia eskuratzen ere. Egun digestioa ere oso ona da, edonorenaren gisakoa». Dieta egitea zaila egiten zaion galdetuta, «etxean ezetz» erantzun digu. «Baina familiako edo lagunen bazkarietan gauza goxoak jaten direnez, izugarri zaila egiten da». Horixe egiten zaio gogorrena Arantzazuri: «ingurukoak gauza goxoak jaten ari diren bitartean haiei begira egotea». Halere, urteekin zeliakoentzat produktu gehiago sortu dira eta ondorioz, «inbidia txikitzen joan da, nahiz eta gauzek zapore kaxkagarroa izan». Kanpoan jatekotan, berriz, etxetik eramaten du.

Adela ARLEGI, zeliakoaren ama (Bera).
«Jatekoarekin kasu ematea da kontua. Hemen ez dago grisarik, zuria ala beltza da dena»

Zortzi-bederatzi hilabeterekin, glutena sartu ziotenean egin zuen okerrera Adela Arlegiren (Bera) alaba zaharrenak. «Tripa ikaragarri hazitu zitzaion, beherakoarekin hasi zen, eta poliki-poliki janaria uzten joan zen. Ez zuen jateko gogorik izaten eta mehartu egin zen». Analitika batekin jakin zuten zeliakoa zela. «Gure kasua nahiko garbia izan zen, batzuk denbora gehiagoan egoten baitira gaitza ezin harrapatuz. Baina gaizki egondu zen bizpahiru hilabeteak gogorrak izan ziren». Zeliakoa zela erran zietenean Nafarroako Zeliakoen Elkartera jo eta handik bidalitako informazioarekin eta zeliakoen senideekin elkartuz hartu zuten martxa. «Haur zaharrenari bi urte osorik kosta zitzaizkion analitika ongi ateratzea. Fisikoki ongi zegoen, baina hertzeak hagitz gaizki zituen». Eta orain, bigarren alabarekin daude zalantzan: «hasieran argi zegoen glutenak kalte egiten ziola. Analitika batean gaizki zegoela ikusi zen, eta genetikako analitikan ez. Galdera airean gelditu zen, baina glutena kenduta hobera egin zuen. Orain, berriz, ez dakigu zeliakoa den ala ez, glutena jaten du eta ez dio kalterik egiten. Sei urte egiten dituenean biopsia eginen diote eta orduan argituko da». Kontuak kontu, alaba zaharrenaren kasuan, aspaldi gelditu ziren gibelean hilabete gogor haiek. Urte batekin zazpi kilo pisatu bazituen ere, gaur egun, glutenik gabe bizitza normala egiten du. Jatekoarekin kasu ematea da kontua: «sukaldatzeko ezin dira kutxara berdinak erabili, ogi papurrak ukitzean eskuak garbitu behar dira, kanpora joatean etxetik eraman edo aitzinetik jatetxera abisatu.... Hemen ez dago grisarik, zuria edo beltza da dena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun