«Euskararen transmisioan parte hartzeaz gain lagunak egiten dira»

Gurutze Pikabea 2010eko urriaren 13a

Oianko Garde gartzaindarra da egitasmoaren dinamizatzailea hiru haranetan.

Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan Solaslagunaren dinamizatzaile lanean ari da Oianko Garde. Euskal Herri osoan funtzionatzen du egitasmoak, hemen solaslaguna dugu, baina, berbalagunak eta mintzalagunak ere badaude. Solaslaguna, berez, 2007an hasi zen Bortzirietan, Euskara Zerbitzuaren bidez eta hurrengo urtean Baztanen eta Malerrekan ere animatu ziren. Hasieran ez zen dinamizatzailerik, baina iaztik, Topagunearen koordinazioaren laguntzaz dinamizatzailea ari da lanean hiru haranetan.

HELBURUAK
«Euskal eremua tinkotu eta euskal sareak zabaltzea; euskaldunen arteko hartu-eman sarea antolatzen laguntzea; euskararen erabileraren garrantziaz ohartaraztea eta oraindik euskaldun oso ez diren herritarrei ikas-prozesua bizkortzeko laguntza eskaintzea dira Solaslagunaren helburu nagusiak»

Nola definituko zenuke Solaslaguna?
Eskuara praktikatu eta ahal den neurrian, euskaraz bizi nahi duten euskaldunei bideraturik dagoen programa da. Eskuaraz solasteko ohitura duten lagunak –bidelagunak–, solasteko ohitura ez dutenekin –bidelariak– elkartzean datza. Bidelariak eskuaraz solasteko ohitura hartzen du eta solasterako orduan, lotsak galtzen eta jariotasun gehiagorekin solasten ikasten du. Bidelagunaren papera ez da hauei zuzentzearena, horretarako euskaltegiak eta irakasleak baitaude, lagun arteko elkarrizketa normalean aritzea baizik.
Orain arte, zenbat jendek parte hartu du? Zer nolako jendea bilatzen duzue euskara ikaslee-kin biltzeko? 
Azken hiru urteetan, 12 talde inguruk parte hartu dute. Taldeak 3, 4 edo 5 lagunekoak izaten ahal dira. Bidelagun bat eta gainerakoak bidelariak. Ez dugu inolako perfilik bilatzen, euskalduna bada, eskuaraz komunikatzeko gogoak baditu eta egitasmo honetan parte hartzeko prest badago, ongi etorri izanen da!
Gaur egun,  ez da erraza izanen horretarako boluntarioak bilatzea? 
Egia erran, bidelariak aski gehiago hurbiltzen dira, euskaldun zaharrei gehiago kostatzen zaie, aunitzetan gu gara beraiengana joaten garenak. Azken finean beraiek eskuaraz badakite, ez dute bidelariek duten interes berdina, beren egin beharra laguntzea baita. Ene uste apalean, pena da honelako euskalduntze proiektu batean bidelagun gehiagok parte hartu nahi ez izatea. Azken finean, astean ordu bat bertzerik ez da.
Normalki, zer egiten dute solaslagunek? 
Beraiek erabakitzen dute zer egin. Taldeak dituen zaletasunen edota adinaren arabera egiten dira taldeak, honela, euren artean konpontzen dira. Batzuetan elkarrekin afaltzera joaten dira, bertze batzuetan pasaietara, kirola egitera… Gero, hilean behin, saio osagarri bat antolatzen dugu, lehengo urtean lehenbizikoa Solas-poteoa antolatzea izan zen eta arrakasta handia izan zuen, aurten ere eginen dugu, honetaz gain, xaboi naturalen tailerra, irri-terapia eta bertze jarduerak ere egin genituen. Saio hauetan solaslaguneko talde desberdinek bat egiten dute, euren artean elkar ezagutzen dute eta egitasmo honetan beraiek bezalako bertze hainbertze badaudela ere ikusten ahal dute. Gainera arras ongi pasatzen dugu.
Aurtengo kanpainak ezaugarri bereziren bat badu? 
Lehengo urteko esloganean proposamena bota genuen: NAHI DUZU? Gurekin gelditu, kirola egin, pote bat hartu, parkean ibili, txokoan afaldu, Mendaurrera igo, besta bat antolatu... Eta aurten, berriz, erantzuna eman diogu lehengo urteko proposamenari: NAHI DUGU! Ezagutu, erabili, elkartu, euskaraz bizi... Beraz, egitasmoan parte hartzea pentsatzen ari zaten horiek, badakizue zer erran, NAHI DUGU!
Beraz, animatzeko zer erranen zenuke? 
Esperientzia  ederra da, euskararen transmisioan parte hartzen dugu, lagunak egiten ditugu, etxetik ateratzeko aitzakia ezin hobea da, jendea laguntzen dugu, Euskal Herria euskalduntzen laguntzen dugu, ez da denbora aunitz beharrik… Informazio gehiago jasotzeko hurbildu zure herriko euskaltegira edota euskara zerbitzura. Animo eta laster artio!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun