Errekako Oronoz eta Txarutako Jauregi, Nafarroako buruz buruko finalaren bila

Aitor Arotzena 2010eko urriaren 13a

Antton Jauregi eta Beñat Oronoz, 22 urtez beheitiko Nafarroako buruz buruko finalari begira daude. Artxiboko argazkia

22 urtez beheitiko finalerdia jokatuko dute urriaren 13an Donezteben

Errekako Beñat Oronoz lesakarrak eta Txarutako Antton Jauregi amaiurtarrak 22 urtez beheitiko Nafarroako buruz buruko txapelketako finalerdia jokatuko dute urriaren 13an, asteazken arratseko 20:15ean Doneztebeko udal pilotalekuan.

Errekako Beñat Oronoz lesakarrak eta Txarutako Antton Jauregi amaiurtarrak 22 urtez beheitiko Nafarroako buruz buruko txapelketako finalerdia jokatuko dute urriaren 13an, asteazken arratseko 20:15ean Doneztebeko udal pilotalekuan. Final laurdenetako partida berdinduan, Oronozek 18 eta 16 irabazi zion Irurtzungo Asier Pazos-i. Bi pilotariek partida bikaina jokatu zuten. Irurtzundarra 0-4 eta 8-13 aitzinetik izan zen, baina lesakakarrak bere kasta atera eta 15-13 aitzindu zen. Hamaseina berdin zirela, Pazosek sakez falta egin zuen eta hori aprobetxatu zuen Oronozek bere azken tantoa ere egiteko. Antton Jauregik, berriz, 18 eta 5 irabazi zion Oberenako Aitor Zuastiri. Baztandarrak hasieratik bukaerara dominatu zuen eta ongi irabazi zuen. Asteazkenean elkarren kontra jokatu ondotik, Oronoz eta Jauregik bikote eginez jokatuko dute larunbatean Biriatun, Diario Vasco txapelketaren barrenean.

 

18 urtez beheitiko finalerdiak

Nafarroako buruz buruko txapelketan, 18 urtez beheitiko finalerdiak ere jokatu ziren Labriten. Zugarraldeko bi pilotariren arteko lehen partidan, Mayans-ek 18 eta 11 irabazi zion Iribarren-i. Bigarren finalerdian, berriz, Errekako Adur Lasa etxarriarrak 15 eta 18 galdu zuen San Migueleko Dani Unanuaren kontra. Aipatzekoa da Lasa bere arerioak baino urte bat gazteagoa izanik ere, finalerdietaraino ailegatu dela eta partida erdira bitarte ongi eutsi zion Unanuari. Lizarrakoa 12-17 aitzinetik jarri zen, 15era hurbildu zen Lasa, baina txapa jo zuen dejada batek zapuztu zituen Etxarrikoaren ilusioak.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean ere zenbait partida jokatu ziren larunbat goizean Doneztebeko pilotalekuan. Bigarren mailako infantiletan, Errekako Julen Saldias eta Mikel Zozaiak 8 eta 18 galdu zuten Bortzirietako Julen Palenzuela eta Peio Migelenarekin. Lehen mailako jubeniletan, Errekako Irail Zestau eta Mikel Maiak 12 eta 22 galdu zuten Irurtzungo Aitor Ijurra eta Mikel Berazarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun