Aitzineko urteetan bezala, larunbat arratsaldeko patata tortilla txapelketak emanen dio hasiera Etxalarren Usategietako bestari. Hiruko taldeak behar dira parte hartzeko eta beraiek eramanen dituzte sua eta beharrezko osagaiak. 18:00etan emanen zaio hasiera txapelketari.
Sari banaketaren ondotik, tortillak probatzeko aukera izanen da frontoian.
Usategietako Igandea
Igandean, berriz, Iarmendi ingururuko Usategietan izanen da giroa. Urriko hirugarren igandea izaki, Usategietako igandea ospatuko dute. Joan den urtean izandako arazoen ondorioz, usazaleek ez zituzten sareak hedatu eta konponbidearen aldeko kartelak jarri zituzten. Aurten ez da arazorik eta eguraldiak, haizeak eta usoek laguntzen badute, bisitariek izanen dute usazaleen lana ikusteko aukera.
Bien bitartean, Altxata elkarteak frontoian ostatua paratuko du eta bertan taloak eta bokatak ere eginen dituzte, Dantza Taldearentzat dirua ateratzeko.
17:00etan haurrentzako Patxin eta Potxinen ikuskizuna izanen da eta 18:30etik 21:30era Joselu Anaiakekin dantzaldia. Tartean zozketa eginen da.
Bisita gidatuak Usategietan
Bertze aldetik, aurten ere, turistek Usategiak ezagutzeko aukera izanen dute bisita gidatuei esker. Asteburu goizetan izanen dira, 09:00etan eta 11:00etan. Laura Elizagoien gidak erran duenez, eguraldiaren arabera ibilbidea Trepa-Bielaren azpitik eginen da nola ehizatzen den ikusteko.