22 urtez beheitiko buruz buruko pilota txapelketaren final laurdenak jokatuko dira larunbatean Donezteben

TTIPI TTAPA 2010eko urriaren 7a

Txarutako Antton Jauregik larunbat arratsaldeko hondar partida jokatuko du Donezteben. Aitor Arotzena

16:15ean hasiko den jaialdiko hirugarren partidan Errekako Beñat Oronoz ariko da eta laugarrenean Txarutako Antton Jauregi

Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko pilota txapelketako final laurdenetako partidak Doneztebeko pilotalekuan jokatuko dira urriaren 9an, larunbat arratsaldeko 16:15etik aitzinera. Nafarroako Kirol Jolasetako hiru partida ere jokatuko dira larunbat goizean.

Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko pilota txapelketako final laurdenetako partidak Doneztebeko pilotalekuan jokatuko dira urriaren 9an, larunbat arratsaldeko 16:15etik aitzinera.

Lehenbiziko partidan, Oberenako bi pilotari izanen dira aurrez aurre: Soto eta Etxamendi. Ondotik, Pilotajaukoko Lopez, Oberenako Ezkurdiaren kontra ariko da. Hirugarren partidan, Errekako Beñat Oronoz lesakarrak Irurtzungo Pazos izanen du arerio eta azkeneko partidan, Txarutako Antton Jauregi, Zuastiren kontra ariko da.

 

Jubenilen finalerdiak ortziralean Labriten

Jubenil mailako buruz buruko txapelketa, berriz, finalerdietan sartua da. Urriaren 8an, ortziralean 19:30ean jokatuko dira bi partidak Labriten. Lehenbizikoan Zugarraldeko bi pilotari ariko dira nor baino nor: Mayans eta Iribarren. Bigarren partidan, Errekako Adur Lasa San Migueleko Unanuaren kontra ariko da. Aipatzekoa da Etxarri Aranazko pilotariak Errekarekin egin duen estreinaldia, lehen urteko jubenila izanik finalerdietan sartu baita.

 

Huarteko lau terdiko txapelketa

Huarteko lau terdiko txapelketan, Errekako Joseba Madariaga aranztarra Paz Zigandako Alegriaren kontra ariko da urriaren 8an, ortziralean 18:30ean hasiko den jaialdiaren laugarren partidan.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, Doneztebeko pilotalekuan hiru partida jokatuko dira urriaren 9an, larunbatean 10:00etan hasita. Lehenik, bigarren mailako benjaminetan, Errekako Zestau eta Zabala Esteribarko bikotearen kontra ariko dira. Ondotik, bigarren mailako infantiletan, Errekako Saldias eta Zozaia Bortzirietako bikotearen kontra ariko dira eta lehen mailako jubeniletan, azkenik, Errekako Zestau eta Maia, Irurtzungo Ijurra eta Berazaren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun