55 puntu eskuratu ditu Javier Mariezkurrena doneztebarrak gidatzen duen Truck Navarra taldeak Europako kamioi lasterketa txapelketan. Iazkoaren hirukoitza. Honela, hamekagarren postua eskuratu du txapelketa horretan, sekulan izan duen emaitzarik onena. Gainera, lehen aldiz, Sponsors Challenger txapelketa irabazi du Doneztebeko taldeak.
Baina halere, asteburu honetan Jaraman izandako emaitza txarrek aho-gustu txarra utzi diote taldeari. Izan ere, urte osoan izandako emaitza onak erakusteko asmoarekin atera ziren Jaramako zirkuitura. Lehenbiziko sailkapen txandan, bi dezimarengatik ez zuen lortu Mariezkurrenak superpolean sartzea, baina zirkuitoan aitzinera egiteko itxaropenarekin atera ziren lehen karrerara. Mika Mäkinen finlandiarrak lehen bihurgunean emandako kolpea zapuztu zituen itxaropen horiek. Hasieran irabazitako postuak galtzeaz gain, bertze kolpe bat izan zuen ondotik. Poliki-poliki, berriz ere Mäkinen harrapatzea lortu zuen Mariezkurrenak, baina segundu bat azkarrago joanagatik, ez zuen aitzintzea lortzen gidari doneztebarrak. Izan ere, legezkoak ez ziren maniobretaz baliatu zen gidari finlandiarra karreraren zati handi batean. Halere, azkenean aitzintzea lortu zuen Mariezkurrenak eta orduan, dagoeneko gibelean zegoenean zigortu zuten epaileek finlandiarra. Gainera, bere aztarna segitzerakoan, orduko 162 kilometrora ailegatu zen Mariezkurrena, eta hau ere zigortu egin zuten.
Larunbateko bigarren karreran ere Mäkinenekin istripu larria izateko zorian ibili zen Mariezkurrena, baina onik atera zen eta bederatzigarren postuan bukatu zuen karrera, 2 puntu eskuratuz.
Igandeko sailkapen proban superpolea lortu zuen Mariezkurrenak, hamargarren sailkatuta. Baina lan hori hutsean gelditu zen asteburuko hirugarren lasterketan, lehen bihurgunean istripua izan baitzuen doneztebarrak, bertze hainbat gidarirekin batera. Zenbait aurkari aitzintzea lortu zuen, baina 14. Postuan akitu zuen karrera hori.
Laugarren karrera ere bikain hasi zen, zazpigarren postuan ere ibili baitzen Doneztebekoa eta seigarrena hurbil-hurbil. Baina, olio, gasoil eta euriarekin geruza irristakor arriskutsua egin zitzaion gibeleko gurpilei, eta segurtasunagatik, erretiratzea erabaki zuen Mariezkurrenak.
Beraz, hain denboraldi bikaina egin ondotik, normala da noizbait asteburu bat kaxkarragoa izatea, baina hori azkenekoan eta “etxean” jokatuz gertatzea izan da penarik handiena Mariezkurrena eta Truck Navarrako taldekideentzat.