N-121-A errepidean, Sunbillara sartzeko eta Sunbillatik ateratzeko bidegurutze duina eskatuz azken lau hilabetetan egin duen mobilizazio kanpaina bertan behera utzi du Sunbillako Udalak, Paco Errandonea alkateak sinatutako idatzi baten bidez. Jakina denez, joan den ekainean hasita, hilabetero errepide mozketak egin dituzte sunbildarrek N-121-A errepidean, ordu laurdenekoak ekaina eta uztailean, eta ordu erdikoak abuztuan eta irailean.
Hain zuzen, irail hasieran, Doneztebeko ITV zentro berriaren inaugurazioan, Miguel Sanzekin bildu ahal izan zuen Sunbillako udal ordezkaritza batek eta orduan, sunbildarren borondatearen kontra ez zela deus eginen eta eta sunbildarren eskariak kontuan hartuko zirela jakinarazi zien Nafarroako Gobernuko presidenteak. Geroztik, Sunbillako bidegurutzean aurrikusia zegoen itxaroteko erdiko karrila egiteko asmoa baztertu egin du Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuak. Sunbildarrek errepide nagusiaren bertze maila batean egitea nahi dute, azpiko aldetik edo gaineko aldetik, eta horri erantzuteko “teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den alternatiba” bilatuko dutela jakinarazi du Laura Alba, Herrilan departamentuko kontseilariak.
Sunbildarrek urriaren 7rako aurrikusia zuten hurrengo errepide mozketa, baina “azkeneko aldaketen aitzinean” kanpaina bertan behera uztea erabaki dute, “Errepide Plan berrian alternatiba berriren bat sartzen duten ikusi arte”.