Etxarri-Aranatzen jokatu zen urriaren 3an, igande eguerdian, Nafarroa Maila Nagusiko Txapelketaren finala, eta bertako semeak, Floren Nazabalek jantzi du txapela seigarren aldiz. Lehen kanaerdikoa kenduta, gainerako saio osoan aritu da aitzinetik txapelduna. Lanerdietan (bosgarren enborra, lehen oinbikoa) minutu bateko aldea kendu dio Juan Jose Lopez txapeldunordeari, Donato Larretxeari 3 minutu eta 5 segundo, Antonio Senosiaini 3 minutu eta 13 segundo eta Oihan Larretxeari 5 minutu eta 34 segundo.
Bost aizkolariok lehiatu dira: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Juan Jose Lopez (Lezaun), Antonio Senosiain (Olague), Donato Larretxea (Arantza), eta Oihan Larretxea (Bera). Aizkolari bakoitzak hamar pago-enbor ebaki ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Ondoko hurrenkeran ebaki dituzte: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako, bi oinbiko, bi 60 ontzako eta bi kanaerdiko.
Sailkapena
1. Floren Nazabal (Etxarri Aranatz): 28:18
2. Juan Jose Lopez (Lezaun): 29:57
3. Donato Larretxea (Arantza): 33:28
4. Antonio Senosiain (Olague): 37:30
5. Oihan Larretxea (Bera): 41:57
Joakin Aioroa iturendarra bigarren Euskadiko ingude txapelketan
Lehen aldiz Euskadiko ingude altxatze txapelketa jokatu zen urriaren 3an Aizarnazabalen. Joxe Lapazaran bizkaitarra suertatu zen txapeldun, 94 jasoaldirekin, azpitxapeldun suertatu zen Joakin Aioroak baino bat gehiago. Zazpi kirolari lehiatu dira: Beñat Amade (Getxo), Mikel Irizar (Astigarraga, Gipuzkoa; 30 urte), Unai Ardeo (Getxo), Joxe Lapazaran (Etxebarria), Joseba Sanchez (Ugao-Miravalles), Igotz Ardeo (Getxo) eta Joakin Aioroa (Ituren). Kirolari bakoitzak 18 kiloko ingudearekin jardun du, minutu eta erdiko txandan.