Uda denboraldia, sasoiko kontratuak direla eta, langabeziak beheiti egiten duen garaia izaten da normalean. Baina, iaz bezala, aurten ere ez da halakorik gertatu gure eskualdean. Uztailean ekainean baino 18 langabetu gehiago izan ziren eta abuztuan ere kopurua nabarmen handitu zen 71 langabetu gehiagorekin. Irailean ere joera horrek segitu egin du, 32 langabetu gehiagorekin.
Honela, 1.137 lagunek izena emana dute Doneztebeko Enplegu Bulegoan, abuztuan baino %2,90 gehiago. Kontuan hartu behar da Nafarroan ere igo egin dela langabezia, %1,24 banaz bertze, baina Agoizko bulegoarekin batera, Doneztebekoa izan da langabetu kopuruaren igoera handiena jasan duena irailean.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 428 kontratu gauzatu ziren irailean, baina horietatik 39 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adin tarte guzietan goiti
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean somatu da langabeziaren igoerarik handiena 492tik 507ra igo baitzen langabetu kopurua irailean eta adin tarte horretako emakumeen artean, berriz,489tik 490era. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan berriz, 81etik 85era igo zen langabetu kopurua eta emakumeetan, aldiz, 43tik 55era.
Zerbitzuetan eta industrian goiti
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta irailean ere gehien igo dena izan da, 604ik 633ra, 29 gehiago. Industria arloan bi langabetu gehiago daude, 265etik 267ra igo baita. Eraikuntzan berdin mantendu da langabetu kopurua, 149 lagun; nekazaritzan ere berdin, 19 langabetu eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 69 langabetu ziren irail hondarrean, abuztuan baino 1 gehiago.