Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiak bere urteko 17. Kapitulua ospatu zuen urriaren 3an, igandean.
Halere, larunbatean egin ziren lehen ekitaldiak, kazuela lehiaketan eta mus txapelketan aritu baitziren kofradietako kideak. Halere, igandekoa izan zen Kofradiaren egun haundia eta egun osoko egitaraua antolatu zuten ospakizunerako.
Goizean goiz, gonbidatutako kofradia ezberdinetako kideei harrera eginen zitzaien bainuetxean. Aurtengoan, Santoñan egoitza duen Kantauriko antxoaren Kofradia, Donostiako Antxoaren kofradia, Erronkariko gaztaren kofradia, Tolosako Babarrunaren Kofradia, Bidasoko Izokinaren Kofradia, Beasaingo Odolkiaren Kofradia, Nafarroako Olioaren Kofradia, Nafarroako Ardoaren Kofradia, Nafarroako Zainzuriaren Kofradia edo Guijuelo Urdaiazpikoaren Kofradia izan ziren Elgorriagako ospakizunean.
Arangurengo abesbatzak kantatutako Mezaren ondotik, Kofradiako kide berriak izendatu zituzten. Aurtengoan, ekitaldira ailegatu ezin izan zuen Miriam Diaz Aroca antzezle eta aurkezle espainiarra, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Jose Maria Aracama Sodenako zuzendari nagusia eta Xavier Gabriel, Lleida Sort herriko Bruixa D’Or loteria administrazioko nagusia izendatu dituzte kofrade eta gustura hartu zituzten txapela, kapa eta diploma. Xavier Gabriel, Espainiako loteria saltzailerol handiena izateaz gain, espaziora turismo-bidaian joanen den lehenbiziko espainiarra ere izanen omen da, eta “Elgorriagako onddoa espaziora eramanen duela” hitz eman zuen. Begoña Sanzberro kontseilariak, bere aldetik, onddoaren garrantzia azpimarratu zuen, baina ez dela “ez hondatu, ez zanpatu, ez arrasatu behar” gogorarazi zuen. Kofradiaren aginte-maklila hartu zuen Elisa Marinek hildako kofradeak gogoan izan zituen, bereziki Salvador Arozarena, Juanito Mariezkurrena eta Francisco Martin Aiestaran.
100 kilo "Elgorriagako" onddo
Elizako ekitaldien ondotik, plazara joan ziren kofradietako kideak, Zubietako joaldunek eta txarangak beraien lana betetzen zuten bitartean. Alde batetik, onddoaren kofradea ere baden Migeltxo Saralegik harrijasotze saioa eskain zuen eta Mikel Mindegia eta Ander Erasun ere aizkoran aritu ziren. Bien bitartean, kofradia ezberdinetako kideak onddoak prestatzen hasi ziren, lehiaketan parte hartzeko. Aurtengoan ere ehun bat kilo prestatu dituzte. Jose Miguel Galarregik, kofradiako presidenteak, Elgorriagako onddoak zirela aipatu bazuen ere, jendearen harridura aurpegiak ikusita, “Elgorriagakook erosi ditugu, beraz Elgorriagakoak dira” argitu behar izan zuen. Gijueloko urdaiazpikoa ere zozketatu zen, Xavier Gabrielek eskainia eta hain zuzen, atzo kofrade izendatutako bertze bati, Begoña Sanzberro kontseilariari suertatu zitzaion. Bazkariaren ondotik, kofradietako kideek zirkuito-termala egin zuten Elgorriagan eta igerileku termalean 25 erlaxio ibilbideren zozketa ere egin zen.