Iñaki Aizkorbe Sanzberro, 37 urteko sunbildarra hil da urriaren 4an, astelehen goizeko 6:55 aldera N-121-A errepidean, Doneztebe eta Sunbilla artean izandako istripuan, Irunerako norabideak. Sunbildarrak gidatzen zuen autoak eta trailer batek elkar jo dute. Istripuaren lekura anbulantzia, medikua eta erizaina joan dira, baita Oronozko bonberoak ere. Guardia Zibilak egin ditu istripuaren inguruko ikerketak.
Haize zakarra
Bertze aldetik, aipatzekoa da igande arratsaldean Baztan-Bidasoan ibili zen haize zakarrak zenbait arazo sortu zituela errepidetan. Garrantzitsuena, Etxalarko bidegurutzearen inguruan, N-121-A errepidean suertatu zen, zuhaitzak eta adarrak bidera erortzearen ondorioz, ordu erdiz itxi behar izan zuten errepidea, arratseko 20:20 inguruan. Berako suhiltzaileek eta Nafarroako Gobernuko Bide Zerbitzuko langileek zuhaitza erretiratu zutenean, berriz ere ireki zuten bidea. Arraiozen, zuhaitz bat argindar kablearen gainean erori bada ere, ez du argindar horniduran eraginik izan, baina bertze zenbait herri, argindarrik gabe gelditu ziren haizetearen ondorioz.