Aitzineko urteetan bezala, eta garaia ailegatzearekin batera, Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiak antolatutako ospakizunek ez dute hutsik eginen. Asteburu honetan izanen dira.
Larunbatean, urriak 2, kazuela lehiaketa eginen da. Gainera, gonbidatuak izanen direla iragarri dute antolatzaileek.
Halere, igandekoa izanen da Kofradiaren egun haundia eta egun osoko egitaraua antolatu dute:
09:00etan gonbidatutako kofradia ezberdinetako kideei harrera eginen zaie bainuetxean.
10:00etan Meza izanen da, Arangurengo abesbatzak kantatua. Elizkizunean, Kofradiako kide berriak izendatuko dira. Aurtengoan, Miriam Diaz Aroca antzezle eta aurkezle espainiarra, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Jose Maria Aracama Sodenako zuendari nagusia eta Xavier Gabriel, Lleida Sort herriko Bruixa D’Or loteria administrazioko nagusia izendatuko dituzte kofrade.
11:30ean bertze kofrade batek, Migeltxo Saralegik harrijasotze saioa eskainiko du.
12:00etan onddo lehiaketa eginen da. Aldi berean, onddoak eta Nafarroako produktuak dastatzeko aukera izanen da frontoian.
13:30ean publikoaren artean zozketa eginen da. Onddoak eta Gijueloko urdaiazpikoa zozketatuko dira.
15:00etan bazkaria eginen da, gonbidatuekin.
17:30ean kofradien zirkuito-termala, gonbidatuekin. Ondotik Tokongo taldearen saioa.
18:30ean eta 19:30ean igerileku termalean 25 erlaxio ibilbideren zozketa eginen da. Aipatutakoez gain, bai larunbatean eta bai igandean ere, txaranga, txistulari eta akordeoilarien doinuak aditzeko aukera izanen da.