Krisi garaian egon arren, ez zen ekitaldirik falta izan irailaren 8tik 12ra egin ziren Eratsungo festetan: pilota partidak, Mindegia eta Larretxearen arteko aizkora apustua –Mindegiak irabazi zuen–, musika... Aurtengo berrikuntzetako bat emakumezkoek beraiek bakarrik egindako afaria izan zen. 37 lagun elkartu ziren eta goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zen besta. Bestalde, nabarmentzekoa da Bendoiro pilotari gaztearen –argazkian– saioa. Etorkizuneko pilotaria izan daiteke, eta Retegi, Baleztena eta Eskuderoren zerrendan sartu da bera ere. Aipatzeko beste kontua, nahiz eta frontoi estali haundi bat dagoen herrian, pilota partidak frontoi txiki zaharrean jokatu izana da, ezkerreko paretan dituen bere bi leiho txiki eta guzti. Esaten dutenez, frontoi inguruan eta balkoietan elkartzeko antzinako ohitura mantendu nahi da horrela.