Ehunka lagun Artzain Amerikanoen Egunean

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 28a

Aitor Arotzena

Ehunka artzain bildu ziren irailaren 18ko Artzain Amerikanoen Egunean. Bestak ez zuen eguraldiaren arrenkurarik izan eta 10:00etarako hasi ziren artzainak ailegatzen. Aurtengo omenaldia, bertzeak bertze, Basilio Sarobe apezari eskaini zitzaion­ eta honek, begiak busti-busti zituela jaso zituen oroigarriak. Berekin batera, Artzain Munduko laguntzaile izandako Miren Elgarresta eta Jesus Goldaraz zenaren senideek jaso zuten omenaldia. Herriko Etxe ondoan jarritako ogoigarri ederra ere agertu zuten agintariek. Aspaldiko partez, ahari jokoa ikusteko modua izan zen. Herriko dantzariek, artzainak atera zituzten dantzara eta, highball famatuarekin zintzurra bustitzeaz gain, salda eta pintxoak jateko aukera ere eskaini zen. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak ere ederki gozarazi zituzten artzainak. Sunbillatik 313 artzain joan omen ziren Ameriketara XX. mendean. 98 oraindik bizi dira, eta horietatik 49 AEB­etan laketu eta han bizi dira. Baina zenbaki horien gibelean, istorio gogorrak ere badira. Erraterako, Jorajuriatarrena. Bederatzi senide joan ziren Ameriketara. Horietatik bi, Juan eta Jose han hil ziren: Juan kapar batek hautsiki egin eta zauria gaiztotuta; Jose trafiko istripuan, bertze lesakar batekin. Bertze bi, Fidel eta Ramon, oraindik AEBetan bizi dira, baina Ramon Sunbillan izan zen irailaren 18an, espreski etorrita. Gainerako bortz anaiak, Mario, Santos, Jose Mari, Julio eta Jesus Mari aspaldian bueltatu ziren Ameriketatik eta irailaren 18ko ospakizunean, ez zuten hutsik egin. Besta eguna akitzeko, frontoian bazkaltzera 700 bat lagun bildu ziren, eta giro ederra izan zen bazkalondoan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun