Zaldiko Maldiko Iruñeko elkarteak euskararen alde lanean aritzen diren pertsona, talde edo erakundeak saritzen ditu urtero, Lamien Urrezko Orrazia sariarekin. Aurten, Nafarroako euskarazko hedabideak saritu dituzte, «urte sail luzean egindako lana eta une honetan, diru-laguntza ofizialik gabe, aurrera ateratzeko egiten ari diren ahalegina» kontuan hartuz. Saritutako hedabideen artean daude TTIPI-TTAPA aldizkaria, Xorroxin eta Karrape irratiak eta Xaloa Telebista. Baina bertze batzuk ere jaso zuten oroigarria eta saria irailaren 23an Iruñean: Guaixe, Belaixe, Karrika, Xuka, Zorrokaria, Pulunpe, Esan-erran, Mailope, Euskalerria Irratia, Aralar Irratia, Irati Irratia, Nabarra…
Aldiz, kontrako saria ere ematen du Zaldiko Maldikok eta aurten Asto Masto saria Euskarabideako Xabier Azanzari ematea erabaki dute, «Euskarabideak hasiera batean euskaldunen artean sorturiko itxaropena zapuztu duen pertsona izan delako, Nafarroako Gobernuaren euskararen kontrako politikaren kide bikaina izanik».