«Rock/metal alternatiboa» egiten duten eskualdeko bortz gaztek osatzen dute Sutan taldea: Sergio Hualde (Elizondo) gitarrarekin, Mikel Grazenea (Doneztebe) baxuan eta koruak egiten, Jon Zozaia (Goizueta) gitarrarekin, Unai Urroz (Doneztebe) bateriarekin eta Eneko Rabina (Eratsun) ahotsarekin. 2009. urte bukaeran sortu zen eta geroztik zortzi kontzertu inguru eskaini dituzte. Orain, berriz, maketa argitaratzeko lanetan dabiltza burubelarri. Urri bukaeran kalean izatea espero dute.
MUSIKA ASKATASUNA
«Rock/metal alternatiboa da emititzen dugun soinua eta guretzat musika askatasun preziatua ukitzeko modua da, transmititu nahi dugun sentsazio hori»
Nola sortu zen Sutan taldea?
Sergio eta Jon izan ziren proiektuari atea zabaldu ziotenak, eta gero Mikel eta Eneko gehitu zitzaizkion bikoteari. Hasiera batean, lau kidez osatuta egon zen taldea: Sergio eta Jon gitarrarekin, Mikel baxuan eta Eneko baterian. Denbora pasatu ahala, abeslari bat behar genuela ohartu ginen. Lagun batzuekin probak egin genituen baina arrazoi batzuengatik ez zuten proiektuak sartu nahi izan. Azkenean, Enekok abeslariaren lekuaz arduratzea proposatu zuen, eta denak ados gelditu ginen. Bateriaren hutsunea betetzeko, berriz, Unairi egin genion eskaintza eta honek hartu zuen postu hori.
Nondik datorkio izena?
Sutan hitzak daukan esanahiak erakarri gintuen, espresioak: amorrua, sua... Hainbat izen proposatu ondotik, azkenean, honekin gelditu ginen.
Zer transmititu nahi duzuen musikarekin?
Rock/metal alternatiboa da emititzen dugun soinua eta guretzat musika askatasun preziatua ukitzeko modua da, transmititu nahi dugun sentsazio hori.
Euskaraz kantatzen al duzue?
Abesti gehienak euskaraz kantatzen ditugu, baina gure azken abestia gazteleraz sortu genuen. Halere, horrek ez du esan nahi euskaraz kantatzeari utziko diogunik, zerbait desberdina egiteagatik izan da... Ingelesari ere ongi etorria egin diogu, baina oraingoz, bertsio batean bakarrik.
Zer moduzko harrera du zuen musikak gure eskualdean?
Suposatzen dugu denetarik izango dela: batzuei ez die ezer ere esango egiten dugun musikak eta beste batzuei, berriz, kuriositatea piztuko die.
Diska kaleratzekotan zabiltzate, ezta?
Maketa irailean kaleratu nahi genuen, baina gauza hauek oharkabean atzeratu egiten dira eta ziurrenik urri amaierarako kalean izango da. Bost kantaz osatua dago, baina oraingoz ez daukagu izen definitiborik diskarentzat. Donezteben, Jonen familiak duen bajeran egiten ditugu entsaioak –lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu– eta han grabatu dugu. Mariñe arduratu da grabazioaz.
Kontent gelditu al zarete lan berriarekin?
Egia esateko oso gustura gelditu gara egin dugun lanarekin. Esan beharra dago Mariñek laguntza haundia eskaini digula, pazientzia eta profesionaltasuna erakutsiz. Potik ere eskua sartu du grabaketan, abestiei bestelako itxura emanez. Horregatik biei esker bereziak eman nahi dizkiegu hemendik.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Etorkizunak berak ikusiaraziko digu hori, baina kontzertuak eskaintzeko eta gauza berriak sortzeko ilusio haundiarekin gaude. Ba al duzue proiekturik buruan? Nahiko ideia dabiltza geure buruetan bueltaka. Maketa atera dugu, baina hau ez da hemen gelditzen, musikaren pasioak harrapatu egin gaituela dirudi.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Gazte sentizten direnei beraien produktuak aurrera ateratzera animatu nahi diegu. Errealitate gordin hau pixkanaka leun dezagun oihu egin beharra dago, musika askatasuna da.