Aurten lehenengo aldiz, Hegaztien Mundu Eguna ospatuko da Nafarroan Bertizko Partzuergoaren eta Mirame! Navarra al natural elkartearen ekimenez eta Etxalarko Udalaren laguntzaz. Etxalarren eta Bertizen antolatu dira ospakizun gehienak, ortzegunetik igandera, baina irailaren 15etik urriaren 3ra bitarte, hegaztien inguruko erakusketa zabalik dago Etxalarko Kultur Etxean. Astegunez ikusteko modua izaten da, arratsaldez 16:00etatik 19:30era.
Ekitaldi nagusiak, hala ere, datozen egunetan eginen dira.
Irailaren 30ean, ortzegunean, 19:30ean “Nómadas del viento” filma eskainiko da Etxalarko Kultur Etxean.
Urriaren 1ean, ortzirala, ordu eta leku berean , zenbait argazkilariren diapositiba emanaldia eta adituen mahai-ingurua eginen dira. Ondotik, hizlarien eta hegaztizaleen afaria eginen da. Afarirako izen ematea Bertizko Partzuergoan, 948 592323 telefonoan egiten ahal da.
Urriaren 2an, larunbatean, hegaztien behaketarako bisita gidatua eginen da Bertizeko parkean, larunbat goizeko 10:00etan hasita. Bazkaria izanen da gero –erreseba daiteke– eta arratsaldean 16:00etan kabiak paratuko dira zuhaitzetan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak lagundu du bereziki haurrei bideratutako jarduera honetan. 19:00etan, hegaztiei eraztunak jartzen dizkieten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek erakusketa eginen dute Etxalarko Kultur Etxean eta 20:00etan xaguxaharrei buruzko solasaldia eginen da.
Urriaren 3an, igandean, azkenik, 09:00etatik 14:00etara, hegaztien behaketa eginen da Etxalarko Lizaietan. Adituek teleskopioaren erabileran lagunduko dute eta Aranzadik, eraztun-jartze tailerra eginen du. Gauza guztietan (otorduetan ere bai) parte hartzeko, izena eman behar da Partzuergoan.