Etxalarko Udalak 36.037 euro jasoko ditu aurten Iarmendiko usategietan ehiza postueetatik. Enkantean 27.992 euro jasoko ditu (hasierako prezioa 22.945 eurokoa zen), baina herriko ehiztariek ere bertze bortz postu hartzen dituzte zuzenean eta aurten 8.045 euro ordaindu dituzte.
Irailaren 11ko enkantean ez zen mugimendu handirik izan eta behin behineko adjudikazioan 23.625 euro eskaini zuten ehiztariek. Baina, beti bezala, sexteorako aukera ematen da Etxalarren eta lau ehiza-postuen kasuan, hasierako prezio hori seitik batean hobetu zuten ehiztariek. Honela, irailaren 21ean, asteartean egin zen postu horien bigarren enkantea. Honela, 12. postua 1.320 euroko hasierako prezioan ateri zen eta 3.742 eurotan saldu zen azkenean, aurtengo posturik garestiena. 13. postua ere 1.320 eurotan ateri zen eta 2.951 eurotan saldu zen eta 21. postua ere 1.320 eurotan ateri eta 2.760 euroraino ailegatu zen. Modu berean, lehen enkantean hutsean gelditu zen postu bakarra, 18.a, ere enkantean atera eta 830 euroan saldu zen.
Patxiku Irisarri alkateak azken balorazio ona egin du, 2009an baino 1.200 euro inguru gehiago eskuratuko baititu Udalak. Egia da aurten bederatzi postu guttiago atera direla enkantera, baina iaz 5 postu hutsean gelditu ziren eta aurten denak saldu dira