Sunbillako bidegurutzean erdiko karrila egiteko asmoa baztertu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 22a

Ekainean hasita hilabetero egin dituzten mozketekin segitu edo ez aztertu behar dute orain Sunbillan. Alicia del Castillo

Sunbildarren eskaria betetzeko “teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den alternatiba” bilatuko omen du Herrilan Departamentuak

N-121-A errepidean, Sunbillako bidegurutzean aurrikusia zegoen itxaroteko erdiko karrila egiteko asmoa baztertu egin du Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuak. Sunbildarrek errepide nagusiaren bertze maila batean egitea nahi dute, azpiko aldetik edo gaineko aldetik, eta horri erantzuteko “teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den alternatiba” bilatuko dutela jakinarazi du Laura Alba, Herrilan departamentuko kontseilariak.

N-121-A errepidean, Sunbillako bidegurutzean aurrikusia zegoen itxaroteko erdiko karrila egiteko asmoa baztertu egin du Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuak. Sunbildarrek errepide nagusiaren bertze maila batean egitea nahi dute, azpiko aldetik edo gaineko aldetik, eta horri erantzuteko “teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den alternatiba” bilatuko dutela jakinarazi du Laura Alba, Herrilan departamentuko kontseilariak.

Irail hasieran, Doneztebeko ITV zentroaren inaugurazioan Paco Errandonea Sunbillako alkateak eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak izandako solasaldiak ondorio ona izan duela dirudi. Orduan, presidenteak sunbildarren borondatearen kontrako proiekturik ez zela eginen aipatu omen zion alkateari. Orduan, dirua ez zela arazo ere aipatu zuen Sanzek. Hori bai, erdiko karrila abudo xamar egiteko modua bazen, baina sarrera-irteerak bertze maila batean eraikitzea diru-baliabideen arabera eginen da. Paco Errandonea alkateak lanak lehenbailehen egitearen alde dago, “baina segurtasun gehiago izanen badu, esperatzeko prest gaude. Baina beti erran dugu dirua gastatzen hastekotan, gauzak ongi egin eta betirako soluzio duin bat nahi dugula”.

 

Urriaren 7ko mozketa zalantzan

Hain zuzen, soluzio duin horren alde hilabetero errepide mozketak egin dituzte sunbildarrek. Hurrengoa urriaren 7rako aurrikusia dago, baina Iruñetik emandako azken erantzuna ikusiz, mozketa egin edo ez egin Herriko Etxean eta herritarrekin aztertu beharko dutela aipatu digu alkateak.

Laura Alba, Herrilan Departamentuko kontseilariak, esperatzeko karrilaren soluzioa egokia zela uste du. Orain arte, bertze maila batean sarrera-irteerak egiteko aukera baztertu badute, ez dela irizpide ekonomikoengatik izan ere azpimarratu du, “irizpide teknikoengatik baizik”. Baina orain, egitasmoa aldatu denez, “teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den alternatibarik egokiena” bilatzen saiatuko omen dira, lehenbailehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun