Hutsik egin gabe, aurten ere Joaldunen Eguna antolatu dute joaldunek eta Ibintza Kultur Taldeak elkarlanean. Larunbatean, irailaren 18an, goiz-goizetik hasi ziren joare soinuak hedatzen eta abudo hasi ziren behelainoa ere uxatzen, eguzki goxoari leku emanez.
Goizean Amezti auzora joan ziren joaldunak herriko trikitilariekin. Ohiturari eutsiz Sotilenean egin zuten lehenengo geldialdia. Hortik aitzinera baserritarrek etxeko ateak zabal-zabalik ireki eta gosari ttikia eskaini zieten. Ameztiko baserri guztietan geldituz, azken geldialdia Altxuneko bordan egin zuten. Handik Lasaga auzora jautsi ziren eta handik plazara. Eguerdi aldera, joaldunak eta trikitilariak beraien buelta herrian eginez akitu zuten itzulia.
Plazan bildutako jendetzak Donato Larretxea eta Floren Nazabalen arteko lehia ikusi ahal izan zuen. Ondotik, Jexux Mari Irazu eta Jon Maiak bertso batzuk botak zituzte bazkaldu aitzinetik, baina bazkaldu ondotik izan zuten lanik handiena. Bertsolarien saioaz aparte, Mikel Salaberriren musika doinuak ere izan ziren gaueko ordu ttikiak bitarte.