Sunbillako N-121Ako sarbidea bertze maila batean egitea eskatu dute Udalak eta NABAIk

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 17a

ITV zentroaren irekierak egoera larritu duela jakinarazi dute. Juan Mari Ondikol

Hilabeteroko errepide itxierarekin segituko dutela jakinarazi du alkateak, hurrengoa urriaren 7an

2009-2016 Nafarroako Errepide Planean N-121-A errepidetik Sunbillarako sarbidea bertze altuera edo maila batean egitea eskatuko dio Udalak Nafarroako Gobernuari. Eskaera horretan, eskualdeko udalen babesa ere eskatuko du Sunbillako Udalak, joan den ortziralean, irailaren 10ean onartutako mozioan ageri denez.

2009-2016 Nafarroako Errepide Planean N-121-A errepidetik Sunbillarako sarbidea bertze altuera edo maila batean egitea eskatuko dio Udalak Nafarroako Gobernuari. Eskaera horretan, eskualdeko udalen babesa ere eskatuko du Sunbillako Udalak, joan den ortziralean, irailaren 10ean onartutako mozioan ageri denez.

Inguruko Herriko Etxeen babesaz gain, Sunbillako Udalak NABAIren laguntza ere izanen du Nafarroako Parlamentuan. Halaxe jakinarazi du Maiorga Ramirez parlamentariak, Sunbillako EAko alkate-zinegotziekin eta Baztan-Bidasoako EAko ordezkariarekin batera Sunbillako Herriko Etxean emandako prentsaurrean. Hain zuzen, Sunbillarako sarbidea eta Sunbillatik irteera bertze altuera batean egitea eskatuz Errepide Planean aldaketa proposatuko du heldu den astean. Modu berean, N-121-A errepidetik Berarako lotura egitea ere eskatuko du.

 

Hurrengo errepide mozketa urriaren 7an

Jakina denez, Sunbillak urteak daramazki sarbidearen arriskua eta bertan 1990. hamarkadatik bortz lagun hil direla salatuz. Modu berean, azkeneko hilabeteetan bertze mobilizazioak egiten ari dira, bidegurutzeari soluzio duina ematea eskatuz errepidea mozten baitute hilabetero ordu erdiz. Gainera, irailaren 7an egin zen Doneztebeko ITV zentroaren inaugurazioan, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak hitzetik hortzera aditu ahal izan zituen sunbildarren eskariak, alkatearekin bildu baitzen. Hitzez, arazoa hurrengo Errepide Planean moldatuko zuela jakinarazi zien Sunbillako udal ordezkariei. Hori adituta, errepide mozketak uztekotan ere agertu zen alkatea, baina badaezpada mobilizazioekin segituko dute. Hurrengo errepide mozketa urriaren 7an, 11:30ean eginen dela jakinarazi du Paco Errandoneak.

Gainera, ITV zentro hori irekiz geroztik arriskua handitu egin dela ere salatu zuen alkateak. Alde batetik, auto gehiago ibiltzen da eta bertzetik, berriz ere errepidera ateratzeko bidegurutzea erabili behar dute, egoera larrituz. Hau dena kontuan hartuz, “bidegurutzeak soluzioa berehala” behar duela jakinarazi dute sunbildarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun