Herriko lanetan aritu diren langileei aste honetan akituko zaie kontratua

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 16a

Baserriko bideak zabaltzen eta harrizko paretak egiten ari dira orain

Maiatzaz geroztik, herrian barna mantenimendu lanak egiten aritu diren bi lagunek aste hau izanen dute honda­rrekoa. Lau hilabete hauetan hainbat lanetan aritu dira; ur depositu berriaren ondoan, adibidez, iturria, su-tokia eta mahaiak paratu dituzte. Eta azken egun hauetan baserriko bideak zabaltzen eta ha­rrizko paretak egiten ari dira.

Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzutik hartu ziren 18.000 eurorekin kontratatu zituen Udalak bi langile hauek, ofiziala bat eta peoia bertzea.

Bertzalde, Espainiako Gobernuaren E-Planetik hartutako suben­tzioa­rekin errepide baz­terretan babes-hesiak paratzekoak zituen Udalak eta Sasoi enpresak uztailean egin zituen lanak. 16.000 euro inguru hartu ziren dirulaguntza deial­di honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun