Abuztuaz geroztik zabalik bazegoen ere, irailaren 7an inauguratu zuten Ibilgailuen Azterketa Teknikoak (IAT) egiteko Doneztebeko egoitza berria. Milioi bat euroko inbertsioa egin ondotik, bederatzi lagunentzako lanpostuak sortu dira. Egoitzak aurrerapen teknologiko guztiak omen ditu ibilgailuak seguru ibiltzeko ebaluazioak eta diagnostikoak egiteko eta, gidariei zuzendutako zerbitzu integrala gestionatzeko ere bai. Enpresak aurreikusi duenez, 12.000 ibilgailu ikuskatuko dituzte urtean.
Inaugurazio ekitaldian, bertzeak bertze, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Begoña Urien Angulo Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Enpresa zuzendaria; Miguel San Migel Doneztebeko alkatea; eta Ignacio Mosso TÜV Rheinland Navarra SA enpresako ordezkaria izan ziren. Mikel Biain Doneztebeko apezak bedeinkazioa ere eman zion instalazio berriari.
Egoitzak 350 metro koadro baino gehiago ditu. Bi ikuskaritza ildo ditu, bata unibertsala eta bertzea ibilgailu arinentzakoa. Dokumentazioa bideratzeko kabinak, artxiboa, aldagelak, komunak eta bertze zenbait gela ere baditu, baita langileak erosoago ibiltzeko aurrerapen batzuk ere. Adibidez, gidariek, sartutakoan, ez dute ibilgailutik atera beharko, kabinetan artatuko baitituzte. Gainera, ibilgailuan bertan egin ahal izanen dituzte izapide guztiak (identifikatu, erregistratu eta kobratu).