Ekainean hasita laugarren aldiz, bidegurutzeari irtenbide duina emateko eskatuz errepidea moztu zuten herritarrek irailaren 9an. Ordura arteko mobilizaziorik mugituena izan zen, ia ezbehar bat gertatu zelako. Aitzineko aldietan, tunela baino lehen Guardia Zibila jarri ohi zen, ibilgailuei abiadura moteltzeko eskatuz, baina azkenekoan ez zuen hala egin eta kamioi batek bertze norabidera sartu behar izan zuen gelditzeko. Horrez gain, Guardia Zibilak trafikoa herrira sartzeko edo herritik ateratzeko errailetan barna desbideratu zuenez, ezin erran erabateko mozketa egin zenik. Irailaren 7an, bertzalde, Doneztebeko IAT estazio berriaren inaugurazioa zela-eta, Nafarroako Gobernuko presidentea, hainbat kontseilari eta bertze agintariak bertan zirela aprobetxatuz, berriz ere protestan joan ziren herritarrak. Inaugurazio ekitaldi osoan hantxe egon ziren, errepidearen bertze aldean. Baina inaugurazioa akitu eta pankartak biltzen ari zirenean, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria hurbildu eta Miguel Sanzekin inprobisatutako bilera bat egitea proposatu zien Pako Errandonea alkateari eta zinegotziei. Hamar bat minutuz solasean aritu ziren Gobernuko ordezkariekin eta alkateak TTIPI-TTAPAri aipatu dionez, «hurrengo Errepide Planean sunbildarren eskariak kontuan hartuko direla» erran omen zien Sanzek. Herritarrek eskatzen dituzten bi proposamenen artean, irteera errepide nagusiaren gaineko aldetik egitearen alde agertu omen zen Sanz. Presidenteak hori agindu ondotik irailaren 9koa azken mozketa izan zitekeela aitzineratu zuen alkateak, baina oraindik ez dago batere garbi.