Musika joz ongi pasatzeko helburuarekin lagunartean sortu zen Incansables txarangak 40 urte beteko ditu aurten. Gutti izanen dira berak adina toki bisitatu dituen txarangak, zenbatuezinak beharbada, baina herriren bat nabarmentzekotan, hori Leitza da: lehendabiziko urtetik musikaz alaitu duen herria.
IZENA, LEITZAN SORTUA
«Leitzan geundela, emakume batek txarangaren izena zein zen galdetu zigun, eta ez zuela izenik erantzun genion, han eta hemen ibiltzeko asmoa zuen lagun talde bat ginela. Emakumeak, orduan, egunen batean izena jartzekotan Los Incasables jartzeko esan zigun»
J. ORTEGA, CANARIO
Txarangako beteranoa
DATUA
9 MUSIKARI ditu gaur egun Incansables txarangak. Horietatik, bi lesakarrak dira: Mikel Iriarte eta Pello Etxebeste. Udan ordezkapenak egiten dituen bertze lesakar bat ere aritzen da taldean: Xabi Fagoaga.
Bestetako gonbidatu garrantzitsuak izaten dira txarangak, bazterrak umorez eta musikaz alaitzen dituztenak. Eta herritarrek ere gustura hartzen dituzte euren doinuak. Hainbat dira Euskal Herrian dauden txarangak, eta gure eskualdean ere badira, baina seguru aski bakarra izanen da 40 urtez horretan dabilena: Incansables txarangaz ari gara.
Leitza eta eskualdeko bertze herri batzuk ederki ezagutzen dituen txaranga honek ia mende erdia beteko du aurten.
GIPUZKOAN SORTUA
1970ean, Gipuzkoan lagunartean sortutako ideia batetik abiatu zen guztia. Bortz lagun musikari elkartu eta ateraldiak eginez han eta hemen musika jotzen hastea erabaki zuten. Eta halaxe egin zuten 1971n. Jose Esnaola tolosarra tronboiarekin, Villabonako Jesus Mª Zalakain bonbardinoarekin eta Txomin Kastro tronpetarekin eta Hernaniko Felipe Sagarna Zapa kajarekin eta Joakin Ortega Canario saxofoiarekin izan ziren sortzaileak, 18 eta 28 urte inguruko gazteak.
Gustuko zuten muska herriz herri eta bestaz besta zabalduz, gozatzeko helburuarekin hasi zen boskotea harat honatean. Eta hasierako hilabete haietan ailegatu ziren Leitzara ere. Bortz egunez segidan jo zuten lehen herria izan zen Leitza, eta hortaz berezia: «Horregatik esaten dugu txaranga nolabait Leitzan sortu zela», azaldu digu 40 urteren ondotik taldean segitzen duen musikari bakarrak, Canariok. Geroztik, urteroko hitzordua Leitzan egiten du Incansables txarangak.
Taldearen izena ere Leitzan proposatu zieten: «Leitzan geundela, emakume batek txarangaren izena zein zen galdetu zigun, eta ez zuela izenik erantzun genion, han eta hemen ibiltzeko asmoa zuen lagun talde bat ginela. Emakumeak, orduan, egunen batean izena jartzekotan Los Incansables jartzeko esan zigun». Eta 1972an, ekitaldi gehiago ateratzen joan zirenean eta izen baten beharra sortu zenean, emakume hark Leitzan errandakoaz gogoratu eta izen huraxe erabili zuten.
Ez da, ordea, Leitza urtero bisitatzen duten herri bakarra; Hernani, Tolosa, Bergara, Lazkao, Zumaia, Iruñea, Elizondo, Valtierra, Errenteria, Azpeitia, Sara, Uxue eta Bermeora ere urtero joaten dira. Eta Euskal Herritik kanpo, Bretainia, Issoudum, Bartzelona, Madril eta Errioxa aldean ere ibiliak dira.
ORAIN LANA ERE BAI
Hasierako hamaika urteak bestaz besta eta Euskal Herri osoan barna ateraldiak eginez pasatu ondotik, egutegia betetzen joan zen heinean, kontua serioago hartu zuten taldekideek. Entseguak egiten hasi ziren, kantu berriak ateratzen... Dibertsio izatetik, aldi berean, lana ere izatera pasatu zen Incansables txarangaren egitekoa. Eta hiru L.P. eta hiru CD ere atera zituen.
Gaur egun 20 urtetik hasi eta 58 urte bitarteko bederatzi musikari gizonezkok osatzen dute txaranga, eta tartean badira lesakarrak ere: Tafallako Xabier Olkoz (bonboa) eta Jabi Hernandez (platoak), Donostiako Igor Ruiz (kaxa), Tolosako Josu Sanchez (bonbardinoa) eta Jesus Mª Moneo (tronpeta), Lesakako Pello Etxebeste (tronboia) eta Mikel Iriarte (tronpeta), Artaxonako Jesus Mª Mendia (saxofoia) eta Hernaniko Joakin Ortega Canario (saxofoia). Bederatziko lantaldeaz gain, badira uda partean ordezkapenak egiten dizkieten bi lagun ere: Xabi Fagoaga lesakarra (tronpeta) eta Ibon Mendibil tolosarra (saxofoia). Azken honek Canario ordezkatzen du, hernaniarra 25 urte betetzear den Gaubela musika taldean ere aritzen delako.
Uda betea izaten du Incansables txarangak, eta uda honetan, adibidez, 50 herritik gora bisitatu dituzte, eta zenbaitetan, aste bat edo gehiagoko egonaldiak egin dituzte.
Udatik aparte, urtarrilean Donostiako danborradan eta Leitzako inauterietan eta otsailean Tolosa, Hernani, Lesaka eta Donostiako inauterietan jotzen dute. Eta martxoa, apirila eta maiatza lasaiago pasatu ondotik, ekainaren 23an hasita irail bukaera arte, ia egunero jo behar izaten dute. Urria hurbiltzen ari denean ixten dute egutegia. Entseguak, berriz, astean egun batean egiten dituzte, Hernanin.
Denboraldia bukatzear duen arren, halako egutegia ikusita, ez dirudi bere azken urtea izanen denik.
Joaquin ORTEGA ‘Canario‘
INCANSABLES TXARANGAN 40 URTE DARAMATZAN MUSIKARI BAKARRA
«Urteekin dena aldatu da, txaranga bera eta publikoa ere bai»
• Nolatan sortu zen Incansables txaranga?
Hernaniko Ergobi auzoan bost lagun elkartu ginen 1970ean, eta hurrengo urtetik aurrera musika joz eta ateraldiak eginez probatzea pentsatu genuen. Andoainen eta Tolosa aldean gauza solteak egiten hasi ginen, eta urte hartan, Leitzara ere joan ginen. Leitzan bost egunez jarraian jo genuen, eta lehen aldiz gogor jo genuen aldia hura izan zen. Horregatik esaten dugu txaranga nolabait Leitzan sortu zela. Gero Goizuetara joan ginen, eta Ergobira etorri ginen handik. Garai hartan, ez genuen sobera serio hartzen, jan-edana eskaintzen ziguten eta 18 urterekin ez genuen gehiago behar. Festaz gozatzea izaten genuen helburua, eta etxetik noiz ateratzen ginen jakiten genuen, baina ez noiz ailegatuko ginen. Urteekin, serio konprometitzen hasi ginenez, lana bihurtu da.
• Zer aldatu da 40 urteotan?
Dena aldatu da, txaranga bera eta publikoa ere bai. Gure hasierako 11 urte haiek hara eta hona eskurtsio moduan egin genituen. Txarangako bostak gure musika-tresnak izateaz gain, autoan bonboa eta txapak eramaten genituen, herri bakoitzean horiek jotzeko moldatzen zen norbait beti izaten zelako. Baina egutegia betez joan zenean, entseguak egiten hasi ginen eta taldea handitzen joan zen. Nirekin hasi zirenak taldea utzi zuten, eta haien ordez jende gaztea lanerako gogoz sartu zen, eta urtero bozpasei kantu berri sartzen hasi ginen. Jende gaztea musika ikasketekin etorri da taldera eta hori ere nabaritu da. 40 urteotan 40 musikari inguru pasatu izanen dira txarangatik. Bestalde, gaur egungo gazteek musika ekipoak eta gisa guztietako musika entzuteko aukera dute etxean, baina ordukoek gozatu egiten zuen txarangarekin. Eta jendea gustura zegoela ikusita, gu gelditu gabe.
• 40 urteotan anekdota aunitz pasatuko ziren, ezta?
Anekdota asko izan dira. Furgonetan abiatu, jo behar genuen herrira ailegatu eta musika-tresna etxean ahaztea behin baino gehiagotan gertatu izan da. Eta beste taldekide bat, bere lehenengo egunean, orduarekin nahasi egin zen eta gauean 23:00etan jo behar genuela ulertu beharrean, han agertu zen goizean 11:00etan. 40 urteetan anekdota asko izan ditugu.