Urtero-urtero antolatzen du Senpereko Hatsa Elkarteak egunpasa poetikoa Senpereko Larraldea etxean. Aurten, larunbatean, irailaren 18an izanen da, baina aurtengoa berezia izanen da, abuztuaren 20an hildako Karmele Igartua omenduko baitu eguna Bergarako Idazle Eskolakoekin batera igaroz.
“Maite ditugun olerkariak” ekimen poetiko sailaren barrenean, Hatsa elkarteak irailaren 18ko eguna, larunbata,“ Idazle eskola“koekin iragaitea proposatu du. Hatsa Elkarteak, 2003an sortuz geroztik, literatur arloan, bide aberats eta emankor bat derama. Bere altzotik hainbat eximen agertu dira, hala nola, idazten ikasteko eskola bat‚ herriz herri irakurketak egiteko “Ilunabar literarioak” saila‚ “Idazten” webgune oparoa, “Luma berrien eleak” idazle berrien testu-aldizkaria eta bertze hainbat hitzaldi eta agerraldi Euskal herrian barna.
Abuztuaren 20az geroztik, Idazle Eskola dolutan sartu da, Karmele Igartua bere sortzaleetarik baten heriotzaren ondorioz. Azken bi urteotan bi olerki liburu publikatuak zituen Karmelek: “Hitzak orbainetan” eta “Denbora enaren hegaletan”. Hirugarren bat ere “Itsaso kontra bat” argitaratzeko prest zaukan. Karmeleren zenbait olerki, Hatsaren Poesia bilduman ere aurki ditzazkegu. Irailaren 18ko eguna, beraz, Karmele Igartuaren oroimenez izanen da.
Larunbaterako egitaraua
Larunbateko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko. Ordu honetan elkartuko dira parte hartzaileak Larraldea etxean. 11:00etan mendi ibilaldian abiatuko dira: Zugarramurdiko Urbia lepotik Ibainetako mairu baratzera joanen dira. Ibainetan Karmele Igartuari omenaldi ttiki bat eskainiko zaio. Honen ondotik berriro ere Larraldea etxera itzuli eta bertan eginen dute bazkaria, 13:30ak inguruan. 16:30ean emango zaio hasiera Bergarako Idazle Eskolak prestatutako irakurketa poetikoari. Saio honetan euren kide Karmele Igartua izango dute ardatz. Idazle atxabaltarraren hainbat testu irakurriko dituzte, eurek sortutako lanekin batera, eguna bukatzeko.