Ehundaka artzain bildu ziren irailaren 18an, igandean, Sunbillan ospatu zen Artzain Amerikanoen Egunean. Udalak eta Sunbildarrak Ameriketan elkarteak antolatutako bestak ez zuen eguraldiaren arrenkurarik izan eta 10etarako hasi ziren artzaiak ailegatzen, hainbat herrietatik antolatutako autobusetan. Ongietorri ekitaldiaren ondotik, San Tiburtzio parrokian meza hunkigarria izan zen, bertsolari eta Sunbillako abesbatzaren partehartzearekin. Gainera, omenaldia eskaini zitzaion Basilio Sarobe apezari eta honek, begiak busti-busti zituela jaso zituen oroigarriak. Berekin batera, Artzain Munduko laguntzaile izandako Miren Elgarresta eta Jesus Goldaraz zenaren senideek ere jaso zuten omenaldia.
Elizatik aterata, Herriko Etxe ondoan jarritako ogoigarri ederra agertu zuten agintariek. Agustin Sainz igantziarrak, Sunbillako ikuspegi eder bat bildu du harrian, baita Sebastian Lizasok egindako bertsoa ere: “Hamaika gazte Amerikara amestutako bidaian; lanaren bidez bizimodua betiko moldatu nahian; sendimenduak ere borrokan, nahi eta ezina lehian; urte batzutan ibili arren geroarekin ez baian, ametsak egi bihurtzen ziran itzulitako garaian”.
Bitartean, Ramon Latasaren plazan, eguraldia bezain bero zegoen giroa. Aspaldiko partez, ahari jokoa ikusteko modua izan zen. Herriko dantzariek, artzainak atera zituzten dantzara eta, highballa famatuarekin zintzurra bustitzeaz gain, salda eta pintxoak jateko aukera ere eskaini zen. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak ere ederki gozarazi zituzten artzainak.
Hainbat istorio
Igandean Sunbillan bildutako artzain bakoitzak bere istorio berezia zuen. Azpilkuetako Fermin Barazabalek aipatu zigunez, “ez nuen penarik izan joaterakoan ezta bueltatu nintzenean ere”. 1966an joan zen Kaliforniara eta lehen lau urteak artzain lanean aritu ondotik, gero errepidean ibili zen. Bederatzi urteren buruan bueltatu zen Azpilkuetara. Geroztikan ez omen da Estatu Batuetara itzuli, baina erretiratu berritan, ez du baztertzen aukera hori.
Luzaideko Pedro Ainziburuk 12 urte eman zituen Estatu Batuetan, Wyomingen artzain lehenik eta Kaliforniako esne-lantegi batean gero. Luzaideko bertze hamar lagunekin joan zen eta oroimen ona gorde arren, bera ere ez da bueltatu: “Pena hori badut, baina 82 urterekin ez dut uste gehiago joanen naizenik”.
Sunbillatik 313 artzain joan omen ziren Ameriketara XX. mendean. 98 oraindik bizi dira, eta horietatik 49 Estatu Batuetan laketu eta bertan bizi dira. Baina zenbaki hotz horien gibelean, istorio gogorrak ere badira. Erraterako, Sunbillako Jorajuriatarrena. Bederatzi senide joan ziren Ameriketara. Horietatik bi, Juan eta Jose bertan hil ziren: Juan kapar batek autsiki egin eta zauria gaiztotuta; Jose trafiko istripuan, bertze lesakar batekin batera. Bertze bi, Fidel eta Ramon, oraindik Estatu Batuetan bizi dira, baina Ramon Sunbillan izan zen atzokoan, espreski etorrita. “45 urte baditut Ameriketan eta laugarren aldia da etortzen naizela. Emaztea eta bi alaba ditut han, baita bilobak ere, bizimodua han egina dut eta ez dut uste betirako bueltatuko naizenik, baina orain gehixeago etorriko naizela uste dut. Sunbilla gauetik egunera aldatu da, badira zazpi urte ez nintzela etorria eta plaza berria, errepidea… dena aldatua dago” zioen Ramon Jorajuriak. Duela hamar urte arte artzain eta errantxotan aritua da, baina azken hamarkada honetan, ur konpainia bateko guarda da. Lehenbiziko aldiz zegoen Artzain Egun batean eta “duela 40 urtez geroztik ikusi gabeko lagunak ikusi ditut. Beraiek erran didate zein ziren, bertzenaz ez nituen ezagutuko” zioen. Gainerako bortz anaiak, Mario, Santos, Jose Mari, Julio eta Jesus Mari aspaldian bueltatu ziren Ameriketatik eta igandeko ospakizunean, ez zuten Sunbillan hutsik egin.
Atzoko besta eguna akitzeko, frontoian bazkaltzera 700 bat lagun bildu ziren, eta giro ederra izan zen bazkalondoan ere.