Ameriketan ibilitako Euskal artzainen besta ospatuko da igandean Sunbillan

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 17a

Iaz Auritzen egin zen Artzain Egunean, Ameriketako kanpo-karroak nolakoak ziren erakutsi zuten. TTIPI TTAPA

700 lagun espero dituzte frontoiko bazkarian

Artzain Amerikanoen Festa eginen da Sunbillan irailaren 19an, Sunbillako Udalak eta Sunbildarrak Ameriketan elkarteak antolatuta. Igande goizeko 10:00etatik hasita, ehundaka jende bilduko dira, guztiak Estatu Batuetako euskal esperientziari lotuak, eta esperientzia horren eta AEBetako euskal historiaren oinarrian dagoen artzain lanari lotuak: Izan ere, XIX. mende hondarretik hona Estatu Batuetako mendebaldera joandako euskaldunen ia kopuru osoa artzain izateko joan baita eta lanbide horretan eman baititu bederen bere bizitza amerikarreko lehenengo urteak.

Artzain Amerikanoen Besta eginen da Sunbillan irailaren 19an, Sunbillako Udalak eta Sunbildarrak Ameriketan elkarteak antolatuta. Igande goizeko 10:00etatik hasita, ehundaka jende bilduko dira, guztiak Estatu Batuetako euskal esperientziari lotuak, eta esperientzia horren eta AEBetako euskal historiaren oinarrian dagoen artzain lanari lotuak: Izan ere, XIX. mende hondarretik hona Estatu Batuetako mendebaldera joandako euskaldunen ia kopuru osoa artzain izateko joan baita eta lanbide horretan eman baititu bederen bere bizitza amerikarreko lehenengo urteak.

Batzuk, joan, laketu eta bertan gelditu ziren, euskal etxeak sortuz eta euskal ostatu eta etxeetara bilduz, gaur egungo AEBetako euskal komunitatea sortuz; eta beste batzuk, urte batzuen buruan Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, Ameriketako eskarmentuak markatuta. Azken hauek eta euren familiako batzuk dira igandean Sunbillan bilduko direnak.

 

Egitarau zabala

Ekitaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira, harrera-ekitaldi eta zintzur-bustitzearekin, trikitilariak eta hamarretakoa lagun. 11:00etan hildako artzainen aldeko meza, bertsolariekin eta Sunbillako abesbatzarekin. Eguerdian euskal dantzak ikusteko eta Lizaso eta Egaña bertsolariak aditzeko aukera izanen da plazan. Segidan, ekitaldia eginen da Udaletxean. Omenaldi ttiki bat eskainiko zaie artzainei, eta Ameriketako artzain denboran ohikoa zen tragu bat, highball-a hartzeko aukera izanen dute. Bazkarirako 700 txartel saldu dira eta bazkaldu bitartean sariketak, musika, bertsolariak eta kantuak izanen dira, baita sorpresa batzuk ere.

Azken urteotan herrian bertan egin eta libururatutako ikerketen arabera, azken mende honetan 313 sunbildar joanak dira Ameriketara, gaur egun 700 bizilagun eskas dauzkan herri batean.

 

Azken Artzain Egun handia?

Artzain ohiak 2006an bildu ziren lehenik honelako elkarretaratze handi batean, Lesakan. Geroztik urtero egin izan da bilkura hau, Aldude-Gernika (2007), Elizondo (2008) eta iaz Auritzen. Aurtengoa eta gero ez dago argi ekimen honek segidarik izanen ote duen heldu den urtean. Maila apalagoko artzain-ohi elkarretaratzeak egiten dira urtero, hala nola Sunbillan maiatzaren lehenean edo Baigorrin urriko lehenengo igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun