Malerrekako Gazte Asanbladak, lehenengo aldiz antolatu duen argazki lehiaketarako lanak aurkezteko epea irailaren 20ra artekoa izanen da. Horretarako zenbait gai proposatu dituzte: Herriko bestak, Amalurra, sexua, drogak eta Euskal Herria. Pertsonako argazki bat egin daiteke gai bakoitzari buruz eta egilearen izena eta kontaktu telefono batez lagunduta argazkiak argazkimga@hotmail.com helbidera bidali behar dira.
Bozketa partehartzailea eta sariak irailaren 25ean
Irailaren 25ean, arratsaldeko 16:00etatik aitzinera bozketa partehartzailea eginen da eta sariak banatuko dira Legasako eskolan. Bertara hurbildutako jendeak, argazkiak bozkatzeko aukera izanen du, horrez gain, argazkiez gozatu bitartean, pintxoak izanen dira jateko. Gai bakoitzeko argazki bozkatuenaren egileak, saria jasoko du. Hori gutti balitz, bozketan parte hartu duten guztien artean zozketa eginen da eta sari bat banatuko da. Honez gain, uda guztian herriz herri saldu den Malerrekako gazte zozketaren zozketa ere, bertan eginen da. Zenbaki sarituak, Xorroxin eta Ttipi-Ttapan agertuko dira.