Ikusmin aunitz baina diru gutti Etxalarko uso ehiza postuen enkantean

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 13a

Ehiztari aunitz bildu zen Etxalarko Herriko Etxean, baina ez zen diru aunitzik mugitu. Jose Mari Telletxea

Irailaren 11n egin zen eta doi-doi hobetu zen hasierako prezioa

Irailaren 11n, larunbat eguerdian egin zen Etxalarko udaletxeko batzar aretoan Iarmendi inguruko uso ehizarako postuen enkantea. Azken urteko gertakarien ondorioz, ikusmin handia zegoen eta ehiztari aunitz bildu zen, baina enkanteak ez zuen arrakastarik izan. Ehiza postuen hasierako prezioa 22.945 eurokoa zen eta lehendabiziko adjudikazio honetan, irailaren 17ra bitarte iraunen duen sexteorako aukeraren eta irailaren 21eko bigarren enkantearen esperoan, 23.625 eurotan saldu dira.

Enkantearekin hasi baino lehen, Usategien Erabilera eta Kudeaketa Osorako Ordenantza berriari buruzko azalpenak eman zuten udal ordezkariek. Lehengo arautegia 1932koa zen eta udalak gaur egungo legedira egokitu egin du. Plan berriak urtebete iraunen du, aurten bukatuko baita usategien aprobetxamendua. Beras, sasoi bukaeran berriz ere aprobetxamendu berria onartu beharko da, ehiza-kotoa berritu beharko den 2015-2016 denboraldira arte.

Lehenbiziko 5 postuak Etxalarko Ehiztarien Elkarteari eman zitzaizkion zuzenean. Ondotik, seigarren postutik hamekagarrenera bitartekoak hasierako prezioan eman ziren (1.550 euro seigarrena, 2.000 euro zazpigarrena, 2.960 euro zortzigarrena, 2.020 eurotan bederatzigarrena eta hamargarrena eta 2.960 eurotan hamekagarrena). Hurrengo postuetan pixko bat mugitzen hasi zen enkantea. Hamabigarrena (lehengo 14a) 67 tantutan hobetu zen eta hasierako 1.320 euroetatik 1.990ra igo zen. Hamahirugarrena 1.320 eurotik 1.650era hobetu zen eta hamalaugarrena 830 eurotik 1.050 eurora. Hamaseigarrena berdin mantendu zen, 830 eurotan eta hamazazpigarrena 830 eurotik 1.030era igo. Hemezortzigarren postua hutsean gelditu zen eta hogeigarrena eta hogeitabatgarrena, hasierako prezioan, 1.320na eurotan eman ziren.

Arestian aipatu bezala, hasierako adjudikazio hau hobetzeko aukera dute orain ehiztariek, irailaren 17ko eguerdian bukatuko den sexteo epearen barrenean eta gero, irailaren 21eko arratsaldeko 19:00etan eginen den enkantean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun