Uda honetan lanean hasi den Doneztebeko Turismo Bulegoaren aurkezpen ofiziala egin zuten joan den ortziralean, irailaren 10ean. Nafarroako Gobernuko Turismo zuzendari nagusia Bertizko Partzuergoarekin hitzarmena sinatzera eta Bertiz BTT enpresaren inauguraziora etorria zela aprobetxatuz, lehengo autobus geltokian jarria dagoen turismo bulegoa ere bisitatu zuten bidenabarkoan, bai Nafarroako Gobernuko ordezkariek, baita udal ordezkariek ere, Gloria Agerri zinegotzia gidari zutela.
Doneztebeko Udalak 45.000 euroko inbertsioa egin du Turismo Bulegoa egokitzen eta %70eko dirulaguntza jaso du Cederna-Garalur elkartetik.
Gloria Agerrik aipatu zuenez, “turismo bulego berria lehengoa baino ikusteko errazagoa da, herri erdi-erdian eta aparkalekuaren ondoan dagoelako. Gehienez ordubete aparkatzen ahal da leku horretan eta orduan 120 bat ibilgailu egoten dira”. Turismo Bulegoaren irekiera orduetaz gain, eguneko 24 ordutan eta astean 7 egunez kontsultatzen ahal da informazioa, kanpokoaldean ukimen pantaila bidezko ordenagailua baitu.
Uda honetan, Turismo Bulegoan lanean aritu den Virginia Fernandezek aipatu duenez, “abuztuan eguneko 50-60 bat bisitari izan ditugu banaz bertze, baina irailean jautsi egin da. Gehien bat bazkaltzeko tokien bila eta Malerrekan ditugun turismo baliabideez galdezka etortzen dira, Zubietako errota, Donamariako jauregia, Leurtzako urtegiak…”.