Endarlatsa eta Doneztebe arteko Bide Berdea garatzeko elkarlan hitzarmena sinatu dute irailaren 10ean Martin Garde Bertizko Turismo Partzuergoko presidenteak eta Carlos Ercé Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendari Nagusiak.
Proiektuaren aurrekontua 797.000 eurokoa da eta Europako Interreg proiektutik ailegatuko den finantziazioaz gain, Nafarroako Gobernuak %35eko dirulaguntza emanen du, 13.300 euro aurten, 158.911 euro 2001 urtean eta 106.617 euro 2012an. Turismo zuzendari nagusiaren erranetan, “proiektu aski garrantzitsua da eta eskualde osoa artikulatzeko ardatza bilakatuko da”.
Martin Gardek aipatu duenez, hitzarmenaren sinadura “amets luze baten helburua da eta orai, lan horiek gauzatzea izanen da hurrengo urratsa” eta amets hau gauzatzeko azken urteotan lanean aritu direnei eskerrak eman zizkien. Partzuergoko presidentearen erranetan, “lehenbiziko urrats honetan Donezteberaino ailegatuko da, baina asmoa Iruñeraino ailegatzea da, Europaren iparraldetik datorren eta Portugal hegoalderaino ailegatu nahi duen bidearekin lotzeko”. Honelako inbertsio handiendako “denbora airosoak” ez direla onartu arren, egokitzat eman zuen eta “turismoa, alde batera utzi ezin dugun industria garrantzitsua” dela gogorarazi zuen. Proiektua Doneztebetik Elizondora luzatuko dela ere aipatu du, “horretarako teknikoki lanean ari gara jadanik”.
Izaskun Goñik jakinarazi du proiektuaren idazketaren eta obra zuzendaritza LKS enpresari adjudikatu zaiola eta eta aurten 40.000 euro inbertituko direla proiektuan.
Bertiz BTT enpresaren inaugurazioa
Bizikleta erabiltzearen helburu horretan garrantzitsua izan daitekeen enpresa berri bat inauguratu dute agintariek Donezteben, Ameztia jatetxe-hostalaren ekimenez egin den Bertiz BTT, mendi bizikleta zentroa.
Ameztiako Jorge Iribarren eta Maribi Gonzalez arduradunek aipatu digutenez, “halako mendi bizikleta zentru bat izanen da gurea. Bizikletak alokatzen ditugu eta 500 kilometro baino gehiago duten 12 ibilbide egin ditugu, maila ezberdinekoak, GPSan eta kartografian bilduak. Ibilbide bakoitzak bere eskuorria du, luzera, desnibela, banaz bertzeko denbora, zailtasuna, bidegurutzeen argazkiak biltzen dituena. Kilometroak zenbatzeko gailua duenak ezinezkoa izanen du galtzea”.
Hiru lagun aritu dira lan horretan sei hilabetez, Patxi Irazoki, Cristina Arbues eta Alvaro Goñi eta enpresaren irudi korporatiboa eta webgunea, Ekilur enpresak egin die.
Lokalean dutxak, tailerrak, materiala, etxera itzultzeko furgoneta… eskaintzen dute. “Aspaldian genuen buruan ideia, -dio Jorge Iribarrenek– eta Bide Berdearen eta Euroveloren kontua atera zenean, azken bultzada eman genion, kasik 130 metro koadroko bajera hartu eta sartu ginen kontu honetan. Burugogorkeri pixko bat ere bada. Azkenean ostalaritza negozio bat da gurea, orain osagarri bat eskainiko duena, baina osagarri hori bikaina izanen da. Ez da lau bizikletan alokairua bakarrik izanen”.
Kanpotik datozenei zerbitzua hori eskaintzeaz gain, bertako txirrindulazaleentzako ere hilabeteroko ateraldiak antolatzeko asmoa dute. Horietatik lehenbizikoa larunbat honetan eginen da, Berriozartik Doneztebera. Asteburuko irteera hauetan Patxi Irazoki izanen da gidaria eta astean zehar Cristina Arbues izanen da instalazioan. Kluba ere sortu nahi dute eta bazkideek deskontuak izanen dituzte eta informazioa jasoko dute posta elektroniko bidez.