Euskal Herrian egiten den herri kirol txapelketarik haundiena, Zazpi Herrialdeen arteko kirol txapelketa Hendaian jokatuko da irailaren 11n, larunbat arratsaldeko 16:00etatik aitzinera, Gaztelu Zahar plaza librean. Euria eginen balu, Beltzenia frontoian jokatuko da. Aurtengo hogeita bigarren edizio honetan ere eskualdeko hainbat kirolarik parte hartuko du txapelketa handi honetan Nafarroa ordezkatzen: koxkor biltzen Fernando Etxegarai beratarra; ingude altxatzen Joakin Aioroa iturendarra lasto altxatzen Xabi Sein igantziarra; harri altxatzen Unai Bertiz sunbildarra; txinga eramaten Miguel Angel Sukuntza leitzarra; orga jokoan Joseba Petrirena beratarra eta aizkoran Donato Larretxea aranztarra. Sokatiran ere Amaiurko taldea araiko dira, 640 kiloko pisuan. Zaku-eramaten Berriozarko hiru zakulari ariko dira eta trontzan Iraizozko Barberena anaiek osatuko dute Nafarroako ordezkaritza.
Hain zuzen, Nafarroa Garaiak irabazi du azken sei urteotan, azkenekoa joan den urtean Donezteben.
Euskal Herriko emakumeen txinga txapelketa igandean Lantzen
Euskal Herriko emakumezkoen txinga txapelketa irailaren 12an, igande eguerdiko 13:00etan jokatuko da Lantzen. Txapelketa honetan bost emakumek hartuko dute parte: Nicola Gulova (Araba), Ana Mª Berasategi (Araba), Patricia Anton (Nafarroa), Esther Iriarte (Narbarte-Nafarroa) eta Lourdes Angulo (Nafarroa). Parte hartzaile bakoitzak ahalik eta metro gehien egin beharko ditu 25 kiloko txingak esku banatan dituztela.