Sunbillako bidegurutzeari irtenbide duina eskatuz errepide mozketa egin da irailaren 9an, ortzegunean, 11:30etik 12:00etara. Ekainean hasi ziren mobilizazio honekin eta laugarren aldiz, Sunbillako udal ordezkariak eta herritarrak N-121-A errepideko bidegurutzera ateri dira, ordu erdiz bidea mozteko.
Orain arteko mozketarik mugituena izan da eta ezbeharren bat gertatzekotan ere izan delako, kexu agertu dira sunbildarrak. Izan ere, orain artekoan, tunela baino lehen guardiazibila jartzen zen, ibilgailuei abiadura moteltzea eskatuz, baina oraingoan ez dute hala egin eta kamioi batek, bertze norabidera sartu behar izan du gelditzeko. Beharrik momentu horretan ez zen inor heldu bertze aldetik!
Beti bezala, ordu laurden batez, Iruñerako norabidea eta bertze ordu laurden batez Irunerakoa moztu dute, baina guardia zibilak trafikoa Sunbillara sartzeko edo Sunbillatik ateratzeko karriletan barna ere desbideratu duenez, ezin erran erabateko mozketa egin ahal izan dutenik sunbildarrek.
Asteartean Miguel Sanzekin bildu eta honek aferari soluzioa emanen diola hitz eman ondotik ortzegun honetakoa azkeneko mozketa izan zitekeela aurreratu zuen Paco Errandonea alkateak, baina oraindik ez dago batere garbi. Izan ere, hauteskundeak hurbil daude, eta bere hitzak, aurrekanpaina izaten ahal direla eta beldur dira.