Nafarroa Garaia nagusitu da berriz ere Zazpi Herrialdeen arteko herri kirol txapelketan

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 13a

Fernando Etxegaraik zazpi puntuak eman zizkion Nafarroari koxkor biltzen irabazi ondotik. Koldo Alduntzin

Lau kiroletan irabazi eta bertze bortzetan bigarren izan zen Hendaiako saioan

Nafarroa Garaiak irabazi du Zazpi Herrialdeen arteko XXII. Herri Kirol txapelketa, irailaren 11n, larunbat arratsaldean Hendaian jokatutako saioan. Garaipen hau nafarrek segidan lortu duten zazpigarrena izan da. Laru kiroletan nagusi izan ziren Nafarroako kirolariak: koxkor biltzen Fernando Etxegarai beratarrarekin; arpanean Iraizozko Barberena anaiekin, aizkoran Donato Larretxearekin, baia lasto altxatzen Xabi Sein igantziarrarekin ere, nahiz eta epaileak akatsa egin eta aktan bigarren izan zela bildu. Errekurtsoa jarri du Nafarroako Herri Kirol Federazioak.

Nafarroa Garaiak irabazi du Zazpi Herrialdeen arteko XXII. Herri Kirol txapelketa, irailaren 11n, larunbat arratsaldean Hendaian jokatutako saioan. Garaipen hau nafarrek segidan lortu duten zazpigarrena izan da. Lau kiroletan nagusi izan ziren Nafarroako kirolariak: koxkor biltzen Fernando Etxegarai beratarrarekin; arpanean Iraizozko Barberena anaiekin, aizkoran Donato Larretxearekin eta lasto altxatzen, Xabi Sein igantziarrarekin. Seinek 22 altxaldi egin zituen (bi minututan) eta hogeitahirugarrena denboraz kanpo, segundu eskasean. Bizkaiko Jon Lapazaranek ere 22 altxaldi egin zituen baina denboraz kanpoko altxaldia egiteko Xabik baino segundu batzuk gehiago behar izan zituen. Garbi ikusi zen Xabik irabazi zuela proba. Baina lasto jasotze txapela banatzerakoan, oholtzatik Jon Lapazaran deitu zuten txapela jasotzera joateko esanez eta ezustean arrapatu zituen bai Sein eta bai Lapazaran bera ere. Txapela banatu ondoren konturatu ziren epaileak egindako akatsaz, hots, aktan ez zuela jarri Xabi Seinek denboraz kanpo egindako altxaldia; 22 altxaldi egin eta lana utzi balu bezala apuntatu zuten. Saioa bukatutakoan epaileak onartu zuen bere akatsa, Seineri barkamena eskatuz, eta Jon Lapazarenek ere Xabi Seineri bueltatu zion txapela, bera izan zela garaile eta txapela berea zela esanez. Kontua da aktetan ez zutela ezer aldatu eta markagailuan ere Nafarroa sei punturekin gelditu zela proba honetan. Ondorioz komunikabide guztietan Jon Lapazaran agertu da probako irabazle gisa. Nafarroako Herri Kirol Federazioak errekurtsoa aurkeztuko du ondorengo egunetan.

Baina garaipenez gain, erregulartasun handia nabarmendu zuten nafarrek, bigarren izan baitziren bertze bortz kiroletan: ingudea altxatzen (Joakin Aioroa iturendarra), txinga eramaten (Mielanjel Sukuntza leitzarra), harri jasotzen (Unai Bertiz sunbildarra), Amaiurko taldea sokatiran eta zaku eramate lasterketan, Berriozarko hirukotearekin. Orga jokoan bakarrik jautsi zuen bere maila Nafarroak. Txapeldunak, Joseba Petrirena beratarrak ez zuen parte hartzerik izan eta Arronizko Ramon Urtiaga seigarrena izan zen. Gauzak honela, sailkapen nagusian Nafarroaren garaipena argia izan zen, 60 puntu eskuratu baitzituen, bigarren izan zen Gipuzkoak baino 9 gehiago.

 

SAILKAPEN OROKORRA:

1. Nafarroa Garaia: 59 puntu (60 errekurtsoa onartuko balitz)

2. Gipuzkoa: 50 puntu

3. Lapurdi: 47 puntu

4. Bizkaia: 43 puntu (42 errekurtsoa onartuko balitz)

5. Zuberoa: 25 puntu

6. Nafarroa Beherea: 18 puntu

7. Araba: 17 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun