Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria Arrantza Batzordearekin bildu zen irailaren 8an Bertizen. Arrantza Batzordea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Nafarroako arrantzaleen elkarteek osatzen dute. Kontseilariak 2011ko kanpainan amuarrain arruntaren arrantza arautzeko proiektua aurkeztu zien, iazko otsailean iragarritakoaren ildotik.
Izokin inguruan amuarrain arrunta modu jasangarrian arrantzatzeko sistema berriaren xedea espezie horrek azken urteetan izan duen beherakada kontrolatzea da, eta aldi berean arrantza baliabide moduan aprobetxatzea. Beraz, azken hiru kanpainetan ezarritako amoarrain arrantzarako debekuaaren aurreko alternatiba moduan proposatu da. Horrek erran nahi du 2011n Nafarroako erreketan amoarraina arrantzatu ahal izango dela berriro ere.
Proposamenean planteatutakoaren arabera, webgune baten bitartez arrantzaleek errekara joan aitzinetik plaza erreserbatu beharko dute. Modu horretan, sistemari esker ibai tarte bakoitzaren arrantza presioa aldatu ahal izanen da amuarrain dentsitatearen arabera. Arrantza sistema berritzailea da, Espainiako estatuan lehenengoz jarriko da abian eta erabiltzaileentzat doakoa izanen da. Proiektua azaroan aurkeztuko da behin betiko ohiko Arrantza Batzordean, eta datorren kanpainatik aitzinera aplikatuko da.
Bileran, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak arrantzaleen elkarteen lankidetza eskatu du sistema horren arauak eta datorren kanpainan sistema abian jartzerakoan izanen duten lankidetza ezartzeko.
Izokin erreken Atlasa ere aurkeztu dute Bertizen
Iberiar penintsulako Izokin erreken Atlasa aurkeztu dute irailaren 8an Bertizko Jauregian. Ekitaldian, Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria izan zen, baita atlasaren egileak eta 2010eko Lehenbizikoa arrantzatu zuen Martin Apezetxea oronoztarra ere.
Nafarroako Gobernuarekin batera, Galizako Xuntak, Asturiasko Gobernuak, Kantabriako Gobernuak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek prestatu dute argitalpena eta 12 euroan salgai izanen da.
Erreka bakoitzeko izokin populazioaren gaur egungo egoera aztertzeaz gain, azken 20 urteetako bilakaera historikoa ere biltzen da.
Urbasa eta Bertizko Natur Parkeei buruzko ipuinak
Modu berean, eskola adinean dauden neska-mutikoei zuzendutako bertze bi liburu ere ezagutzera eman zituzten Bertizen. Urbasa eta Bertizko Natur parkeen balioa ezagutzera ematea eta bertan egiten den kudeaketa ezagutzera ematea da Nafarroako Gobernuaren argitalpen hauen helburua. Euskaraz eta gazteleraz egindako edizio ilustratua 9 euroan salgai jarri dute.
Garai batean, oihana kudeatzeko sistemarik onena “mendia ez ukitzea” zela uste zen, baina hori topikoa gainditu eta gaur egungo kudeaketa sistema ezagutzea da liburuen asmoa. Ipuin bakoitzean, parkeko animali espezie berezi bat da protagonista, Martin okila Bertizen kasuan eta Triston uhandrea Urbasan.