Sunbillako udalak eta bizilagunek berriz ere N-121-A errepidea itxiko dute irailaren 9an, ortzegunean 11:30etik 12:00etara. Ekainean hasita hilabetero egin dute itxiera, bidegurutzeari irtenbide duina ematea eskatuz, ez baitaude konforme Nafarroako Gobernuak proposatzen duen soluzioarekin. Iruñetik, Sunbillara ateratzeko itxaron-karrika proposatzen dute, baina sunbildarrek, segurtasunarengatik, sarrera-irteera errepidearen gaineko aldetik edo azpiko aldetik egitea eskatzen dute. Orain artean, sunbildarren protestak ez zuen inolako erantzun baikorrik jaso, baina irailaren 7an, asteartean izan zen ezustekoa. Doneztebeko ITV estazio berriaren inaugurazioa zela-eta, Nafarroako Gobernuko presidentea, hainbat kontseilari eta bertze agintariak bertan zirela aprobetxatuz, berriz ere bere protestaren berri eman zuten sunbildarrek, bidegurutzeari irtenbide duina ematea eskatzen zuten kartelak eta bertan hil diren 5 lagunan gogoratuz gurutzeak agertuz. Inaugurazio ekitaldi osoan hantxe egon ziren, errepidearen bertze aldean, foruzaingoak eta guardia zibilak ongi zainduta. Inaugurazioa akituta eta dagoeneko pankartak biltzen eta Sunbillarako bidea hartzekotan zirenean ailegatu zen ezustekoa. Izan ere, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria sunbildarrengana hurbildu zen errepidea gurutzatuta, eta Miguel Sanzekin inprobisatutako bilera batera gonbidatu zituen Paco Errandonea alkatea eta bertze zinegotziak. Honela, hamar bat minutuz solasean aritu ziren Nafarroako Gobernuko presidentearekin eta Sunbillako alkateak aipatu digunez, “ongi hartu zituzten gure eskariak”. Gaur egungo egoera ekonomikoaren ondorioz soluzioa abudo ematea zaila izanen dela onartu arren, “hurrengo Errepide Planean sunbildarren eskariak kontuan hartuko direla” jakinarazi omen zien Sanzek. Gainera, sunbildarrek eskatzen dituzten bi proposamenen artean, irteera errepide nagusiaren gaineko aldetik egitearen alde agertu omen zen presidentea. Gauzak honela, ortzegun honetako errepide mozketa mantenduko dela jakinarazi digu Paco Errandoneak, “baina seguruenik azkenekoa izanen da momentuz. Itxura batean kontuan hartu gaituzte eta orain ikusiko dugu hitza betetzen duten”.