Doneztebeko Adintuen Eguneko Zentroaren lehen faseko lanek aitzinera segitzen dute

Aitor Arotzena 2010eko irailaren 7a

Adituentzako Eguneko Zentrura bixita egin dute irailaren 7an Nafarroako Gobernuko ordezkariek. Aitor Arotzena

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak lan hauek eta futbol zelaia egin nahi den eremua bisitatu ditu

Doneztebeko Adindunentzako Eguneko Zentroaren lehen faseko lanek aitzinera segitzen dute eta hauek ikustera joan da irailaren 7an Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko presidentea. Proiektu hori gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak 550.569 euroko diru-laguntza jarri du, aurrekontuaren %71, hain zuzen (aurrekontua 770.763 eurokoa da).

Doneztebeko Adindunentzako Eguneko Zentroaren lehen faseko lanek aitzinera segitzen dute eta hauek ikustera joan da irailaren 7an Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko presidentea. Proiektu hori gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak 550.569 euroko diru-laguntza jarri du, aurrekontuaren %71, hain zuzen (aurrekontua 770.763 eurokoa da).

Informazio ekitaldira bertaratu dira, baita ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, Maria Isabel Garcia Malo, eta Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Begoña Sanzberro, baita Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta Felipe Ganboa Arkupeak elkarteko presidentea, eta Joxe Oronoz eta Eusebio Maritorena erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, proiektua egin duten arkitektuekin batera.

Eguneko zentroa Aranzoko bidean dago, 6.115,73 metro koadroko lursail batean. Bai Nafarroako Gobernuko presidenteak baita Doneztebeko alkateak ere, Arkupeak elkarteak egitasmo honi eman dioten bultzada azpimarratu nahi izan dute, batez ere Felipe Ganboak egindako lana. Miguel San Miguelek gogoratu duenez, lur eremua Arkupeak elkartearena zen, baina gaur egun erretiratuek duten egoitzarekin trukatu zuen Udalak.

Eguneko Zentroan 25 lagunentzako lekua dago (60 ere har ditzakete) eta, gainera, Arkupeak elkartea jartzeko espazioa utzi dute. Etxabea eta solairu bat dauzka. Obrak bi fasetan daude antolatuta eta orain lehenengoa dago abian; fase horretan sartzen dira zulaketa lanak egitea, euri uren eta ur zikinen instalazioak egitea eta zola eta egitura jartzea. Proiektua Arquitectos OM ARQ SLP arkitekto bulegoak egin du eta eraikuntza lanak Construcciones Mariezcurrena SL enpresaren esku daude.

Etxabean egonen dira sarbidea eta atseden lekuak (ataria, harrera lekua, egongela, jantokia, komunak, sukaldea, biltegia, administrazio bulegoak eta zerbitzu eremu bat) eta lehen solairuan bulegoak, profesional hauentzako bana: psikologoa, erizaina, medikua, fisioterapeuta eta okupazio terapeuta. Horrez gain, lehen solairuan gimnasioa eta komunak ere jarriko dituzte.

 

Belar artifizialeko futbol-zelaia jarriko duten lursailera bisita

Eguneko landa egoitza ikusi ondoren, Lehendakaria eta kontseilariak belar artifizialeko udal futbol-egoitza jarriko duten lursailera joan dira, Aparan ingurura. Futbol-zelai hori izango da Doneztebe buru duen kirol eremua osatzen duten udalerrietako biztanleentzat. Momentuz, 2011rako dirulaguntza protokoloa sinatu dute Doneztebeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak eta heldu den urtean 450.000 euroko dirulaguntza izanen da. Urte hasierarako, 1,3 milioi inguruko aurrekontua izanen duten lanak ematea espero dute. Doneztebe Futbol Taldearen berri emateko, zuzendaritza batzordeko kideak ere, Jaime Sein presidentea buru zutela, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin aritu dira solasean. Honela, gaur egun 160 neska-mutil ari dira futbolean Donezteberen izenean eta etxeko partidak Uharten edo Taxoaren jokatu behar izaten dituzte. Aurten, gainera, lehen aldiz futbol-11n jokatuko duen nesken taldea ere aterako dute. Futbol-zelai horri esker, udal eskariari erantzungo diote eta, gainera, kirol eremua osatzen duten toki erakundeek kirola sustatzeko jarduerak, txapelketa federatuak eta kirol errendimenduko ekintzak egin ahal izango dituzte. Eta garrantzitsuena: etxeko partidetan bederen, ez dute errepidera atera beharko kirola egiteko. Doneztebe buru duen kirol eremuko 12 udalerriak hauek dira: Bertizarana, Donamaria, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Labaien, Oitz, Saldias, Sunbilla, Urrotz eta Zubieta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun