Ibilgailuen azterketa teknikoak edo ITVa egiteko Doneztebeko egoitza berria inauguratu dute irailaren 7an, astearte eguerdian.
Inaugurazioan izan dira, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Begoña Urien Angulo, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Enpresa zuzendaria; Miguel San Miguel, Doneztebeko alkatea; eta Ignacio Mosso, TÜV Rheinland Navarra SA enpresako kontseilari ordezkaria.
Milioi bat euroko inbertsioa egin ondotik, instalazio berri horietan bederatzi lagunentzako lanpostuak sortu zituzten eta abuztuan hasi ziren lanean; Nafarroan beste bi egoitza daude, Iruñean eta Arbizun, hain zuzen.
Egoitza azken belaunaldikoa da: aurrerapen teknologiko guztiak dauzkate automobilak seguru ibiltzeko ebaluazioak eta diagnostikoak egiteko eta, baita ere, automobilen gidariei zuzendutako zerbitzu integrala gestionatzeko. Enpresak egindako azterlanen arabera, estazioan 12.000 ibilgailu ikuskatuko dituzte urtean. Hain zuzen, ikuskaritza prozesu osoa nola eginen den ikusteko, aitzinako kamioi bati egin diote azterketa osoa inaugurazio ekitaldian.
Aitzinetik, Mikel Biain Doneztebeko apezak bedeinkazioa eman dio instalazio berriari eta segidan, Idoia Zamorano eta Nerea Matxiñena dantzariek aurreskua dantzatu dute, Ainara Marizkurrena eta Josune Gago txistularien doinuetara.
350 metro koadroko instalazioa
Instalazioak 350 metro koadro baino gehiago dauzka. Bi ikuskaritza ildo daude, bata unibertsala eta bestea ibilgailu arinentzakoa. Gainera, dokumentazioa bideratzeko kabinak, artxiboa, aldagelak, komunak (mugitzeko zailtasunak dituztenentzako egokituak) eta bertze zenbait gela dauzkate. Horrez gain, langileak erosoago ibiltzeko aurrerapen batzuk jarri dituzte. Adibidez, gidariek, sartutakoan, ez dute ibilgailutik atera beharko, kabinetan artatuko baitituzte. Gainera, ibilgailuan bertan egin ahal izango dituzte izapide guztiak, estalitako nabera sartu aurretik: identifikazioa, erregistroa eta kobrantza. Nabean, espezializatutako langileek ibilgailuen egoera (balaztak, esekidura, direkzioa, argiak, xasisa, e.a.) ikuskatzeko eta kontrolatzeko lan guztiak eginen dituzte. Behin puntu guztiak aztertu ondoren, ingeniari arduradunak ikuskaritza txostena eta aurreko kristalean jartzeko pegatina emango dizkio ibilgailuaren jabeari; halaber, ibilgailuaren egoerari buruzko azalpenak eta informazioa emanen dizkio.