Goiz mugituko dira Eratsunen Lokariko Amabirjinaren omenez bestak abiatzeko. Izan ere, irailaren 8an, asteazken goizeko 09:00etan botako dute txupinazoa. Ondotik txistulariak ibiliko dira herrian barna. 11:00etan Meza Nagusia izanen da Lokariko Amabirjinaren omenez. 18:00etan afizionatuen arteko pilota partidak jokatuko dira: lehenengo partidan, lau terdiaren barrenean, Bendoiro eta Tainta izanen dira aurrez aurre. Bigarren partidan, Garralda eta Azanza, Ollo eta Iriarteren kontra ariko dira. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Modesto akordeoilariarekin.
Aizkora apustua ostegunean
Irailaren 9an, ostegunean ez da ekitaldi gehiegi izanen egitarauan, baina bat berezia izanen da. 18:00etan aizkora apustua jokatuko dute Mikel Mindegiak eta Donato Larretxeak. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Modesto akordeoilariarekin.
Mus txapelketa eta pilota ostiralean
Irailaren 10ean, ostiralean, 11:00etan herriko mus txapelketa jokatuko da. Bikote txapeldunak bildots bana irabaziko du; bigarrenak bina txuleta eta bina botil ardo eta hirugarrenak bina txuleta. 18:00etan afizionatuen arteko pilota partidak jokatuko dira: lehenengo partidan, lau terdiaren barreneann, Ioldi Jaunarenaren kontra ariko da. Bigarren partidan, Tainta eta Madariaga, Bendoiro eta Azanzaren kontra. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Gabezin taldearekin.
Larunbatean herri bazkaria eta gazteen aizkora apustua
Irailaren 11n, larunbatean, 14:00etan herri bazkaria eginen da Kupela taldearekin. 18:00etan aizkora apustua jokatuko da Ander Erasun eta Xabier Mindegiaren artean. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Gabezin taldearekin. Irailaren 12an,
igandean izanen dira azken ekitaldiak. Goiz-arratsaldez umeen parkea izanen da gaztelu puzgarriekin. Arratsaldez dantzaldia izanen da Aierrik taldearekin.