Miguel Angel Sukuntza leitzarrak irabazi du Nafarroako txinga txapelketa

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 6a

Berriz ere txinga eramaten Nafarroako txapeldun izan da Miguel Angel Sukuntza leitzarra. Koldo Alduntzin

Trontza txapelketan bigarren izan ziren Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garcia, txapeldunetatik bi segundura

Herri kirol arloan asteburu mugitua izan da iraileko lehenbiziko hau. Larunbatean, Nafarroako emakumezkoen trontza txapelketa jokatu zen Arraiozen. Igandean, berriz, Leitzan, Nafarroako gizonezkoen txinga txapelketa eta Euskal Herriko gazteen aizkora txapelketa jokatu ziren.

Herri kirol arloan asteburu mugitua izan da iraileko lehenbiziko hau.

Larunbatean, Nafarroako emakumezkoen trontza txapelketa jokatu zen Arraiozen. Txapelketa honetan hiru bikotek hartu zuten parte eta bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eman behar zizkion. Lezaungo Ana Lopez eta Itziar Nuñez eta Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garciaren artean lehia estua izan zen eta azkenean, bi segundu eta dezima batengatik Lezaungoak nagusitu ziren. 7 minutu, 11 segundu eta 94 zentesima behar izan zituzten bere lana burutzeko eta Berako bikoteak 7 minutu, 14 segundu eta 4 zentesima. Hirugarren postua Berriozarko Susana Sanchez eta Erasoko Ainara Urrizarentzat izan zen, 7 minutu, 41 segundu eta 20 zentesimako denborarekin.

 

Miguel Angel Sukuntza txingetan

Irailaren 5ean, igandean Nafarroako gizonezkoen txinga txapelketa jokatu zen Leitzan. Herritarrak, Miguel Angel Sukuntzak ez zuen hutsik egin eta berriz ere txapela jantzi zuen, 50 kiloko txingekin 14 plaza eta laurden eta 0,65 metro eginda. Bigarren postua Metautengo Simon Thomas Callaghanek eskuratu zuen, 9 plaza eta 6,50 metro eginda. Berriozarko Imanol Martin hirugarren izan zen, 8 plaza eskas eginda.

Jaialdi berean, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa jokatu zen, 18 urtez arteko lau aizkolariren partehartzearekin. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kanaerdiko moztu behar zituen. Eneko Saralegi, 17 urteko leitzarra zen faborito eta lehenbiziko enborretan aurretik ibili zen, baina azkenean, Eloy Corchero, 17 urteko arabarra nagusitu zen. Corcherok 16 minutu eta 29 segundutan bukatu zuen bere lana eta Saralegik 15 segundu gehiago behar izan zituen. Eneko Otaño gipuzkoarra izan zen hirugarren (19:42) eta Gaizka Lopen arabarra laugarren (24:22).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun