Uda denboraldia, sasoiko kontratuak direla eta, langabeziak beheiti egiten duen garaia izaten da normalean. Baina, iaz bezala, aurten ere ez da halakorik gertatu gure eskualdean. Uztailean ekainean baino 18 langabetu gehiago izan ziren eta abuztuan ere kopurua nabarmen handitu da 71 langabetu gehiagorekin. Honela, 1.105 lagunek izena emana dute Doneztebeko Enplegu Bulegoan, uztailean baino %6,87 gehiago. Kontuan hartu behar da Nafarroan berdintsu mantendu dela langabezia, %0,18 jautsi baita. Altsasuko bulegoarekin batera, Doneztebekoa izan da langabetu kopuruaren igoera handiena jasan duena abuztuan.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 387 kontratu gauzatu ziren abuztuan, baina horietatik 24 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
25 urtez goitikoetan eta industria arloan igoera nabarmenena
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean somatu da langabeziaren igoerarik handiena 430etik 492ra igo baitzen langabetu kopurua abuztuan eta adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, 481etik 489ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan berriz, 82tik 81era jautsi zen langabetu kopurua eta emakumeetan, aldiz, 41etik 43ra igo. Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta abuztuan igo egin da, 588tik 604ra, 16 gehiago. Halere, Saverako erregulazioa gauzatzearen ondorioz, industrian somatu da igoerarik handiena, 52 lagun gehiago baitaude lan gabe, 265. Eraikuntzan ere 4 lagunetan goiti egin du langabeziak, 145etik 149ra pasatu baita; nekazaritzan, aldiz, 21etik 19ra jautsi da langabetu kopurua eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 68 langabetu ziren abuztu hondarrean, uztailean baino 1 gehiago.