Herri kirola gustuko dutenek, hitzordu bat baino gehiago izanen dituzte asteburu honetan, hiru txapelketa jokatuko baitira eskualdean: Arraiozen eta Leitzan.
Alde batetik, Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketa eginen da larunbatean, irailak 4, Arraiozen, 19:00etatik aitzinera. Hiru bikotek hartuko dute parte: Itziar Nuñez eta Ana Lopez (Lezaun); Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia (Bera) eta Susana Sanchez (Berriozar) eta Ainara Urriza (Eraso). Etzanda paratutako 45 ontzako enborrari 10 korte eman beharko dizkiote.
Leitzako Taloaren Egunean, bertzalde, 12:00etan hasita, Euskal Herriko Aizkolari Gazteen Txapelketa eta Nafarroako Gizonezkoen Txinga Txapelketa jokatuko dira. Aizkora saioan, Eneko Saralegi (Leitza), Eneko Otaño (Gipuzkoa), Eloy Corchero (Araba) eta Gaizka Lopez (Araba) ariko dira eta 45 ontzako lau enbor eta bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte.
Txingetan, berriz, Miguel Angel Sukuntza (Leitza), Imanol Martin (Berriozar) eta Simon Tomas Callaghan (Metauten) ariko dira. 50 kiloko txingak esku banatan dituztela, ahalik eta plaza –28 metrokoa– gehien egin beharko dituzte.