Ortzegun honetan, irailak 2, emanen zaio hasiera basurde eta orkatzak ehizatzeko denboraldiari. Basurdeak 2011ko otsailaern 27ra bitarte ehizatu ahal izanen dira ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, beti ere, guttienez lau ehiztarik parte hartzen badute. Orkatzen sasoiak, berriz, urtarrilaren 16ra arte iraunen du. Ohi bezala, ehiztariek barruti bakoitzean zehaztutako kupoak errespetatu beharko dituzte. Gisa berean, Ehiza Antolatzeko Planak (POC) baiendutako eta ehiza garaian ez harrapatutako animaliak zelatan ehizatu ahal izanen dira 2011ko apirilean, maiatzean eta ekainean.
Oreinak eta adarzabalak, berriz, horretarako baimendutako tokietan baino ezin izanen dira harrapatu, eta ehiza sasoian, urriaren 10etik urtarrilaren 16ra arte egiten ahal izanen dira. Ehiza Antolatzeko Planaren araudiari segituz, zelatan irailaren 12tik urriaren 3ra ere ehizatzeko aukera egonen da.
Azeriak ehizatzeko baimena ere zabalik izanen da ortziraletik aitzinera, ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan. Heldu den urteko otsailaren 27ra arte izanen da horretarako aukera. Gordelekuetan itxaronez ehizatzeko modalitatea, berriz, azaroaren 1etik otsailaren 27ra izanen da.
Migratzaileen sasoia
Urriaren 1ean abiatuko da postu finkotik egin daitekeen migratzaileen ehiza denboraldia, eta pagauso, haitz-uso eta txoloma, birigarro arrunta, garraztarro, durdula eta birigarro ttikiak ehizatu ahal izanen dira. Egunero ehizatu ahal izanen da, abenduaren 8ra bitarte. Postu bakoitzean gehienez ere hiru lagun egoten ahal izanen dira, bakoitza eskopeta bakarrarekin.
Oilagorren ehiza, zakurrarekin eta basoan, berriz, urriaren 10ean hasi eta urtarrilaren 30era arte luzatuko da, eta egunean hiru aleko mugarekin.
Gainerakoan, azaroaren 1etik urtarrilaren 30era iraunen duen debekualdi orokorraren barne, eper gorriak eta erbiak barruti bakoitzak ezarritako egutegiaren arabera, igande eta jaiegunetan ehizatu ahal izanen dira. Eper gorrien kasuan hiru aleko muga (edo bi eper gorri eta erbi bat) izanen da, eta 14:00etatik aitzinera ezin izanen da gehiago ehizatu; untxiak ortzegun, igande eta jaiegunetan harrapatu ahalko dira; uretakoak, azeriak, usoak eta birigarroak ortzegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, eta faisaiak igande eta jaiegunetan.