Floren Nazabal eta Felix Etxeberria nagusitu ziren abuztuaren 8an Sunbillan jokatutako IX. Ramon Latasa Sarian. Lan guziak osatzeko 31 minutu eta 40 segundu behar izan zituzten. Bigarren Juan Jose Lopez eta Angel Arrospide izan ziren (32:30) eta hirugarren Donato Larretxea eta Mikel Mindegia (35:37).
Lehen proban bikoteek bi kanaerdiko moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana. Nazabal eta Etxeberriak 1.39 behar izan zuten, Larretxea eta Mindegiak 01:41 eta Lopez eta Arrospidek 01:52. Bigarren lanean, zutik jarritako kanaerdikoa eta etzanda jarritako bi 45 ontzako enbor izan zituzten mozteko. Lopez eta Arrospide ibili ziren bizkorren (03:18), Nazabal eta Etxeberria bigarren (03:19) eta Larretxea eta Mindegia gero (03:21). Hirugarren proba bakarkakoa izan zen eta lau kanerdiko moztu behar izan zituzten. Nazabal izan zen bizkorrena (06:06), ondotik Lopez (06:44), Arrospide (07:17), Etxeberria (07:31), Larretxea (07:49) eta Mindegia (08:25).
Hondarreko lanean, bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako moztu behar zituen, txanda librean. Nazabal eta Etxeberria nagusitu ziren (13:05); Lopez eta Arrospide (13:19) eta Larretxea eta Mindegia (14:21) sailkatu ziren ondotik.
Gazteetan Mugertza eta Rekondo nagusi
Aizkolari gazteei zuzendutako txapelketaren laugarren edizioan, Jon Rekondo leitzarra eta Ugaitz Mugertza nagusitu ziren, (18:17); Oihan Larretxea beratarra eta Aitzol Atutxa izan ziren bigarren (19:46) eta hirugarren Ander Erasun aurtiztarra eta Joseba Otaegi . (20:21).